GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

«Dudan erantzukizunerako jasoko dudan soldata nahikoa da nire ustez»

Oraindik aulkian ondo lekua hartu gabe egonik ere, EAE-ANVko udal taldeak hasiak dira lehen proposamenak egin eta arau berriak onartzen udalbatzetan. Usurbilen ostegunean egin zuen lehena, eta bateren bati «ulergaitza» egin bazitzaion ere, liberatutako karguen soldatak jaistea izan zen lehen erabakia.

Udal osaketa osteko lehen udalbatza berezia izan ohi da beti. Tartean, badira zinegotzi berriak batzarren funtzionamendua ikusleen aldetik noizbait ikusi bai, baina esperientzia handirik gabekoak; badira karguan errepikatu bai, baina jende ezberdinez ingururatuta daudelako sabelean arra pizten zaienak; eta badira halabeharrez azken legealdia kanpoan egon eta Udaleko ateak berriz ere zabaldu zaizkienean arduratuta eta erantzukizun sentsazio sakonarekin aretoko aulkiak hartu dituztenak. Bereziak dira lehen udalbatza horiek...

Usurbilen, ezker abertzalea lau urtez Udaletik kanpo egon ostean, EAE-ANVk eskuratu zuen gehiengoa sei zinegotzi lortuta, EAk -aurreko legealdian apartheid-a baliatuz alkatetzan egon dena- hiru zinegotzi lortu ditu; bi, EB-Aralarrek; eta bana EAJk eta PSEk.

Guztiek lekua hartuta, Udalaren funtzionamentuari buruzko erabakiak hartu zituzten ostegunean; batzorde informatzaileen osaketa eta euren bilkuren maiztasuna zehaztu zituzten, bai eta udalbatzaren osoko bilkuren maiztasuna ere. Azken urteetako joera aldatu, eta ilunabarrean egitea erabaki zuten, eguerdian ordez. Modu horretan, Xabier Mikel Errekondo alkateak adierazi zuenez, herritarrek osoko bilkuretan parte hartzeko aukera handiagoa izango dutelako. Akaso, ordea, hautatuen dedikazio-erregimena, talde politikoen diru-kopurua eta batzordeetako bileretako ordainsariak finkatzeko atalak eragin zuen saltsa handien.

Orain bi aste pasatxo, EAE-ANVko alkate hainbatek agerraldia egin zuten, eta herritarren parte-hartzea bermatzen duen udal gestio zintzo eta demokratikoa bultzatzeko asmoaz gain, liberatutako karguen soldatak jaisteko asmoa zutela jakinarazi zuten. Gainera, azken legealdian «liberatutako karguen kopurua eta haien soldata bikoiztu egin» dela salatu zuten.

Hitzak hitz huts izan ez daitezen, Usurbilen ere hartua zuten, alde horretatik, erabakia. Lanaldi erdian lan egiten duten lau pertsona aske beharrean, aurrerantzean lanaldi osoan jardungo dute bik; hori bai, soldata baxuagoekin. «Hauteskundeetako programan sartu genuen soldatak jaisteko asmoa, eta erantzunkizunez jokatzeko saiakera berezia egiten ari gara soldatak jaisteko», azaldu zuen alkateak. Hala, iaz liberatuta egon ziren pertsonen artean 116.156 euro kobratu zituzten. Proposatutako arauen bidez; hau da, dedikazio osoa izango duten bi pertsona eta horien soldata jaitsita, kalkulatu dutenez, 24.000 euro aurreztuko dituzte aurrekontuetatik. Neurri horretaz gain, talde politikoek jasotzen duten diru-kopurua bere horretan uztea proposatu zuten, eta batzorde infomatzaileetan parte hartzeagatik jasotzen duten saria, berriz, %50 jaitsiko da; 50 eurotik 25 eurora, hain zuzen ere. «Planteamendu filosofikoa da gurea», zehaztu zuen Juanjo Olaizola alkateorde izendatuak.

Udal Gobernuak bere proposamena azaldu bezain laster, hitza hartu zuen Luis Mari Ormaetxeak, aurreko legealdiko alkate eta oraingoan EAko zinegotzi denak. Proposamena «ulergaitza» zaio. «Udalean ardura handien duen pertsonak ezin du funtzionario batek baino gutxiago kobratu; soldata handiena duen pertsona behar luke izan alkateak», esan zuen. Neurria «populista» zela aurpegiratu zien. Era berean, bere desadostasuna agertu zuen talde politikoei ematen zaien diruan igoerarik egiteko asmorik ez dutelako eta batzorde informatzaileetara joateagatik jasotzen duten dirua murriztuko delako. EB-Aralar ados agertu zen proposatutakoarekin; EAJren esanetan, beste udaletako kopuruak hartu behar dira aintzat, eta legealdi bakoitzean gora eta behera aritzea ez du begi onez ikusi. PSEko zinegotziak, berriz, ez zuen inolako aurkakotasunik agertu liberatutako pertsonen soldatak jaisteko. Batzordeetara joategatik jasotzen duten diruari dagokionez, «azken batean joko bat» dela esan zuen. «Kontua da jendea kobratzeagatik datorren edo ez; izan ere, posible da behin etorri eta 50 euro kobratzea edota bitan etortzea eta 25 kobratzea», azaldu zuen.

Taldeek iritziak azaldu ostean, Errekondok hartu zuen hitza; inondik ere erabaki populista ez zela esan, eta helburua kanpainan emandako hitza betetzea zela adierazi zuen. Alkateorde Juanjo Olaizolak, berriz, EAk egindako kritikei erantzun zien, eta Udalean gutxien kobratuko duen langilea izango dela esan. «Nik lehen ere Udalean egiten nuen lan, beste kargu batean. Lehen ardura batzuk nituen eta orain beste batzuk eta kobratzen dudanari nahikoa irizten diot», esan zuen.

Bozketan, esandakoak islatu ziren. Zinegotzi liberatuen dedikazio eta ordainsaria onartzeko proposamenak aldeko 9 boto jaso zituen, EAE-ANV, EB-Aralar eta PSErenak; kontrako 3 EArenak; eta EAJren abstentzioa. Talde politikoen diru-kopuruari dagokionez, 12 aldeko (EAE-ANV, EA, PSE, EB-Aralar) eta abstentzio bat (EAJ); eta batzorde informatzaileetara izateagatik jasotzen den dirua murrizteko proposamenak 9 aldeko (EAE-ANV, EB-Aralar eta PSE); eta 4 kontran (EAko 3 eta EAJko 1).

Bitxia izan zen Usurbilgo udal aretoan ostegunean gertatu zena; nork bere soldata jaitsi nahi «erantzunkizunez jarduteko», eta soldata hori jasoko ez duen pertsona kontra, «horren gutxi ezin duela jaso» argudiatuta. Bitxia, halaber, aurreko legealdian ere ordainsarien aldaketak izatea herri askotan hartutako lehen erabakia, behera ordez gora egin bazuten ere. Orduan, ordea, ez zen kontrakotasun nabarmenik egon; jende asko udalbatzetan hitzik egiteko aukerarik gabe egon baita lau urtez.

Maider EIZMENDI

LASTER BATEAN

EAE-ANVk alkatetza lortu duen udal askotan ari dira karguen sariak jaisten (Oiartzun, Hernani...). Beste askotan, buruan dute erabakia, eta oraindik hartu ez badute ere, epe laburrean egiteko asmoa dute; Elorrion eta Mallabian, adibidez.

Parte-hartzeari bide, Mallabian

Mallabian xede zuten udal demokratikoa eta parte-hartzean oinarritua bultzatzea, eta horregatik, hartutako lehen erabakietako bat Herritarren Intereseko Gaietarako Partaidetza Batzorde Informatzailea eratzea izan da. Aitor Loiola alkateak GARAri azaldu dio han herriari dagozkion gairik funtsezkoenak erabakiko direla. Kultur etxean egingo dute, ahalik eta jende gehiena bil dadin eta herritarrek, proposatzeaz gain, bozkatzeko aukera ere izango dute.

M.E.

ERABAKI ESTRATEGIKOA

Ekainaren 27an EAE-ANVko ordezkariek Bergaran egin zuten agerraldian, udaletxeko ateak herritarrei zabaltzeaz gain, sariak murrizteko asmoa erakutsi zuten. «Azken urteetan karguen kopurua eta horien soldatak bikoiztu egin dira», salatu zuten.

Akatsak zuzentzen Oiartzunen

Azkar, oso azkar ibili dira EAE-ANVko zinegotziak Oiartzungo Hirigintzarako Ordezko Arauei emaniko onarpena ezdeusa dela deklaratzeko. Azkar aritu ziren aurreko legealdian agintean zeudenak, apirilaren 19an eta korrika eta presaka onartu baitzituzten arauak behin betiko. Hala ere, hilebeteko epea utzi behar izan zuten interesa izan zezakeen edonork errekurtsoak jar zitzan. Orotara, bost birjartze errekurtso eta bi administrazioarekiko auzi jarri dituzte behin betiko onarpenaren aurka; tartean, Agenda 21ek eta herriko zazpi auzo elkartek aurkeztutakoa, interes orokorrei erantzuten diena eta jarraitutako prozedurarekin zerikusia duena; izan ere, lege-hauste larri bat salatzen du. Udal berriak txosten bat egin du eta horretan oinarrituta hartu dituzte neurriak; hau da, apirilean hartutako erabakia ezdeusa deklaratzea eta Aholku Kontseilu bat sortzea.

Lege-haustea ulertzeko, Gazteizko Parlamentuak onartutako lurzoruari eta hirigintzari buruzko legera jo behar da EAE-ANVren ustez. «Lege horrek udalen esku utzi du hirigintza plangintzaren inguruko egitasmoen azken onarperna. Trukean, herritarren parte-hartzea arautu eta areagotzeko exijitzen zaio, eta derrigorrez organo bat sortzea: Plangintzako Aholku Kontseilua», azaldu zuten.

Oiartzunen, ordea, arauak lege berria indarrean sartu aurretik tramitatzen hasi zirenez, aukera zegoen lege zaharrarekin tramitatzeko eta bide hori baliatu zuten aurreko legealdian. Hala ere, kontuan izanda arauak Foru Aldundira bidali behar zirela eta bide hori jarraituta aurreko legealdian eraberritze prozesua ez bukatzeko arriskua zegoela, bat-batean, legeak horretarako aukera ematen zuela profitatuta, azken tramitea lege berriaren baitan ematea erabaki zen. Noski, Aholku Batzordea sortu gabe», azaldu zuten. Horregatik, ezdeus deklaratu dute erabakia. «Gu ez gatoz hona patrikak bete eta negozioa egitera, hanka-sartze guztiak konpondu eta oiartzuarrok merezi dugun moduko etorkizun baterantz abian jarri nahi dugu herria», esan zuten. M.E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo