GARA > Idatzia > Jo puntua

Kirmen Uribe Idazlea

Enperadorearen ezkutuko gutizia

Carlos V.a enperadorea gizon jantzia zen. Hainbat hizkuntza hitz egiteko gai zen bera, Europa erdialdean jaio eta gaztetan jabetu baitzen Espainiako koroaz. Kontatzen dute kronistek, eta beharbada hauxe da harrigarriena, euskara apurra ere bazekiela enperadoreak, nonbait haurtzaroan ikasi ziola zaintzaile euskaldunen bati edo, eta zekien euskara apurra erabiltzea gustuko zuela aukerarik izanez gero. Badirudi Euskal Herrira bisitan zetorren bakoitzean nekazariekin hitz egiten geratzen zela gizona, eta eguraldiaz edo eta uzten egoeraz hitz egiten zuela haiekin, bera ere beste baserritar balitz bezala, nola eta euskaraz. Solasaldi laburrak egiteko nor zela enperadorea gure hizkuntza zaharrean. Beste garai batzuk ziren haiek, itxura.

Behin, gure artera egindako ostera batean, Mutrikuko partean egokitu zitzaion bazkaltzea enperadoreari. Haren laguntzaileari eskatu zion Mu- triku aldeko plateren bat dastatu nahi zuela, eta eskatzeko herritarei bertoko jatekoren bat. Zaletasun handia baitzuen enperadoreak sukaldaritzarako, eta oro har jan edan kontuetarako. Bizitzaren hondarrera ere halaxe iritsi zen gizona, gota gaitzak jota. Egin zituen mila afari horien atzea zuen gaitza. Bada Mutriku aldeko sukaldaritza dastatu nahi eta mutrikuarrek antxoak atera zizkioten mahaira Carlos V.a enperadoreari. Enperadoreak suts eta bits jan zituen atxook. Hilak biztuteko modukoa zegoen plater hura harentzat.

Eta antxoen gozotasunaz harriturik, galdetu zuen zein arrain zen zilar koloreko hura. Ordura arte jan gabe baitzegoen bera, ez zuen ezagutzen arrain hura. Antxoa zela esan zioten mutrikuarrek. Orduan, harro harro, agindu zion laguntzaileari egunero egunero jan nahi zituela antxoak, zegoen tokian zegoela. Horren onak zeuden ezen ez zuen galdu nahi antxoak jatearen plazera. Baina hori ez zen gauza erraza izango. Mutrikuko arrantzaleek enperadorearen laguntzaileari esan zioten antxoa arrain dotorea dela eta ez dela agertzen norberak nahi duenean. Enperadorean antza duela hark ere eta aldian aldian agertzen dela gure kostaldera. Udaberri aldera azaltzen dela eta gero desagertu egiten dela. Tamalez, ez dago urte osoan antxoa jaterik.

Laguntzailea enperadorearen erantzun txarraren beldur izando zen eta ez zion egiarik esan, beste askotan bezala. Erantzun hobea otu zitzaion enperadorea gutizia hartaz ahaz zedin: esan zion antxoa pobreen janaria dela. Halaxe, Carlos V.a enperadorea muturtu egin zen eta lehengo harrokeria berarekin agindu zuen ez zuela berriz ere begien bistan antxoarik ikusi nahi, pobreen jana bazen hura ez zuela sekula santan arrain hura ostera ere jango.

Jose Inazio Ansorenak kontatu zidan goikoa, Donostiako alde zaharrean eta iragan astean. Garai batean pobreen jana bazen ere, desagertu egin da gure artetik antxoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo