Epaitegiek lurperatuko ote dute De Villepinek ezarri lan kontratu berria?
Langabeziari aurre egiteko asmoz, De Villepinek sortutako Lan Kontratu Berriak (LKB) zaplada ederra jaso du Parisko Apelazio auzitegiarengandik. Langile sindikatuak, gustura; ez horrela ugazabak.
Pozik daude langile sindikatuak Parisko apelazio auzitegiak berrikitan hartutako ebazpenarekin. Izan ere, Dominique de Villepinen gobernuak 2005eko abuztuan martxan ezarritako Lan Kontratu Berria (LKB) Nazioarteko Lan Erakundearen hitzarmenaren 158. artikulua urratzen duela erabaki du auzitegiak. Epaileek uste dute kontratu mota horrek ahalbidetzen duen bi urteko froga-denboraldia ez dela, inolaz ere ez, «arrazoizkoa» eta, gainera, kanporatzekotan, langileak funtsezko eskubideak galtzen dituela.
Euskal Herriko CFDTko Jean-Baptiste Etchetoren ustez, bere sindikatuak «LKBren mamiari eta azalari buruz hasieratik esandakoa baieztatzen du ebazpenak». Antzeko zerbait esan du Baionako CGTko Alain Duzertek: «Parisko auzitegiak legearen mamiari heldu dio, eta bi urteetan kontratu mota hori temati inposatu ostean, gobernuaren sinesgarritasuna kinkan jarri du». CFTCko Bernard Auberrek, berriz, zera adierazi du: «Bere garaian langileen mobilizazioari esker Lehen Lanaldiko Kontratua (LLK) bertan behera utzi behar izan zuen Gobernuak. Epaitegiak orain hartutako erabakia, horren segida logikoa besterik ez da izan». Azkenik, LABek esan du «erabaki biziki inportantea» dela, eta «kontratu mota injusto eta onartezin hori betiko hondoratu» behar dela.
Alta, ugazaben sindikatuek ez dute begi onez hartu ebazpena. Medef-eko presidente Laurence Parisotek «harridura» adierazi du epaileek erabilitako zenbait argudioak ikusita: «Azterketa juridikoa baino ekonomikoa dirudite argudioek». Apelazio auzitegiko epaileekin bilera egin nahiko lukeela gaineratu du: «Arrazoi ekonomikoetan sartzen direnez, azterketa ekonomikoaren eztabaidan parte hartu nahiko nuke neuk ere, argudioak zalantzan jartzen baititut». Horrez gain, bi urte igaro ostean gobernuak agindutako balorazioa egin aitzin, LKB lurperatu nahi izatea salatu du Parisotek.
Beste bi ugazaben elkarteak -Ethic eta CroissancePlus- kezka agertu dute ebazpen horrek sortu diren hainbat lanpostu berri «kolokan» jar dezakeelako.
Sarkozyren «kontratu bakarra»
Langile sindikatu gehienek kontratu horiek eperik gabeko lan-kontratu bilakatzeko eskatzen dute, nahiz eta Nicolas Sarkozyk agertutako asmoekin susmo txarrak agertu dituzten. Presidente berriak iragarritako erreforman, lan kontratu mota bakarra jartzearena da nagusietakoa.
Sindikatuak beldur dira LKBren ondorioak (froga epealdia luzatzea, kaleratze arinago eta errazagoak ugazabentzat, langileak errekurritzeko eragozpenak...) izango ez ote dituen. Xavier Bertrand Lan-ministroak ez dela LKBren luzapen bat izanen baieztatu du: «LKB une jakin baterako jarri zen martxan baina guk ezarri nahi dugun kontratu mota bakarrak ez du logika hori jarraituko».
«Dkretuz eta maltzurki»
Oraintsu bi urte, Dominique de Villepin lehen ministroak langabeziari aurre egiteko ezarritako neurrien artean LKB izan zen aurkakotasun handienetakoa eragin zuena. Sindikatuek gogor kritikatu zuten neurria, «dekretuz eta maltzurki», opor-garaian hartu izana leporatuta. Udazkenean mobilizazioak hasi ziren baina bere «anaia txikia» deituriko LLK-CPE kontratu-mota abian jarri zen arte, ez ziren protestaldiak gogortu. 2006ko udaberrian, Gobernuak atzera egin behar izan zuen LLK martxan jartzeko asmoarekin baina LKBk indarrean jarraitu zuen.
Sindikatuek bide juridikoari ekin zioten LKB deusezteko baina bidegabekeriaz kanporatu zituztela uste zuten langileek lan auzitegira (Kontzertaziorako lan-epaitegia) jo zutelarik hasi ziren azaleratzen, egiaz, gobernuaren legearen eta lan-eskubideen arteko kontraesanak.
Orain, fiskaltza orokorrak Parisko auzitegiko ebazpenaren kontra kasazio-helegitea jar dezake bi hilabeteko epean. Aurrera egingo ez balu, LKB lan-eskubideen kontrakoa dela berretsiko litzateke. Hortaz, juridikoki lurperatua geratuko litzateke.
Arantxa MANTEROLA
LKB kontratua 2005-8-3an sartu zen indarrean. Hogei langiletik beherako enpresetan aplika daiteke. Bi urteetan, inolako azalpenik eman gabe, ugazabak langilea kaleratu dezake.