GARA > Idatzia > Kultura

Andoaingo Burdina taldeak Ortzaikako karobia piztu du berriro, lan boluntarioari esker

Andoaingo Burdina taldeak Ortzaika karobia garbitu eta piztu zuen atzo. Iaz, lan boluntarioari esker berreskuratu zuten, eta proba batzuk egin ondoren, aurten ere ekitaldi bat egin dute jendeak ikusteko.

p058_f01_148x092.jpg

Jon CABANILLAS | DONOSTIA

Goizeko zortzi eta erdietan bildu ziren atzo Burdina taldeko boluntarioak Ortzaikako karobia (Andoain) mantendu eta pizteko asmoz. Karobi hori herriko Goiburu auzoko Ortzaika baserriaren ondoan dago. Eguerdiko ordu biak aldera bukatu zuten eta boluntario guztiak bildu ondoren (hogeita hamar bat pertsona, gutxi gorabehera), sagardoa, ardoa, kafea... edan zuten. Boluntarioak Andoaingoak dira, nahiz eta kanpokoak ere badiren. Adin guztietako jendea bildu zen, 16 urtetik 60 urtera artekoak.

Joan den urtean, Ortzaikako karobia berreskuratu zuten; hau da, proba bat egiteko garbitu eta piztu zuten. Aurten ere gauza bera egin dute; baina burdinarekin piztu ordez, egurrarekin piztea erabaki zuten. Ortzaikako karobia ez zuten 1920. urtetik erabiltzen. Karobi horrek 5,75 metroko hondoa du eta 0,80 metroko diametroa goiko aldean. Karobi industriala zen eta Donostiako Antiguako tunelean eta Plazaolako trenbideko hainbat lanetan erabili zuten. Karobiek garrantzi handia izan zuten nekazaritzan.

Ondareak berreskuratzen

Horregatik, Burdina taldearen lana garrantzitsua izan da. Haren helburu nagusia Leitzarango ondarea berreskuratzea da, eta pixkanaka-pixkanaka lortzen ari dira. Hilabete honetan ere, zehazki hilaren 21ean eta 28an, Burdina taldea Erramuetako karobia garbitzen hasiko da. Xabier Arrati taldeko kideak honako hau adierazi zuen: «Karobi hau oso estalita dago. Bi harri besterik ez dira. Horregatik hori dena garbitu eta atera behar dugu».

Talde boluntarioa 1996. urtean hasi zen lanean Plazaolako tren-makina berreskuratzen. Sinadurak biltzen hasi ziren, argazki erakusketak egin zituzten... eta Andoaingo Udalaren laguntzak jasotzen dituen arren, laguntza handiagoa behar da. «Andoainek dirua jartzen du; eta guk, aldiz, indarra; baina beste erakunde batzuen laguntzak edukitzea garrantzitsua, da», esan zuen Xabier Arruti Txanka-k, Burdina taldeko buruak.

Burdina taldeak adierazi zuen: «Leitzarango harana (Andoaindik Leitzaraino iristen dena) guretzat oso garrantzitsua denez, parke tematiko bat egin nahi dugu. Proiektu bat egin dugu. Gure asmoa jendea hara joatea da, eta ikus dezan zer egiten zen antzina burdinarekin, urarekin, meategietan... ibilbide batzuei esker. Baina, erakundeekin arazoak daudenez, ezinezkoa da eta Andoainen egitea bakarrik pentsatu dugu».

Burdina taldeak eta Andoain herriak erronka bat dute: herriaren historia eta monumentu ondarea berreskuratu eta mantentzea.

Arbasoen ondarea berreskuratzeko asmoa

Leitzarango harana Andoaindik Leitzaraino doa. Antzina, garrantzi handia izan zuen meatzaritzak, eta horren lekuko dira Bizkotz, Lorditz, Txotan eta Plazaolako parajeetan egun ikus daitezkeen hainbat labe, galeria, zamatzeko toki eta beste. Bailaratik barrena, Iruñea eta Donostia lotu zituen Tren Txiki haren jatorrizko helburua Plazaolako burdina garraiatzea zela kontuan hartu behar da.

Ondare hori pixkanaka galtzen ari da. Xabier Arrutiren esanetan, erakundeak ondare hori berreskuratu eta mantentzera behartu behar dira, abandonatuta baitago.

J.C.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo