GARA > Idatzia > Euskal Herria

TAT: «Garzonenak prebentziorako neurriak dira, baina ez nahikoak»

Azken astean Araban eta Santandarren egindako atxiloketetan, torturari aurrea hartzeko hainbat neurri aplikatu ditu Garzon epaileak. TATek torturaren prebentzioan «aurrerapausoa» dela adierazi du, nahiz eta tortura bukatzeko lanean jarraitu behar dela oroitarazi. Era beran, urrats horiek, Garzonen «gurariari» esker baino areago, euskal gizarteak eta torturatuek berek egindako lanari esker egin direla nabarmendu du.

Oihana LLORENTE |

Aste honetan Polizia espainolak Araban atxilotutako lau gazteei eta Aritz Arginzoniz Santanderren preso hartutakoari, Baltasar Garzon epaileak joan den abenduan onartutako torturaren aurkako protokoloa ezarri die; izan ere, haien abokatuek hala eskatu baitzuten. Besteren artean, atxiloketa unetik epailearengana joan arteko tartea kameraz grabatzea, konfiantzazko sendagile batek aztertzeko aukera izatea edota senitartekoak atxilotuaren berri izatea bezalako neurriak biltzen dira protokolo horretan.

Torturaren aurkako taldeak, TATek, «aurrerapausotzat» jo du protokolo hori ezartzea, euskal herritarrei aplikatzen dieten lehen aldia baita. Alta, TATeko eledun Aiert Larrartek protokoloa ezartzeak gazteen kontrako mehatxu eta kolpeak ez dituela ekidin adierazi zuen atzo Donostian egindako agerraldian. Gainera, konfiantzazko medikuekin egoteko aukera eduki eta senideei haien lekualdatzeen berri eman arren, inkomunikazioak iraun duen bitartean grabazioak egin ote dituzten ez dakitela azaldu zuen.

Protokoloa indarrean sartzea positiboa dela adierazi bazuen ere, tortura deuseztatzeko lanean jarraitu beharraz aritu zen TATeko abokatu Juan Carlos Yoldi. Garzon epaileak martxan jarritako protokoloa «torturaren tunel beltzean argi izpitzat» jo zuen, eta hemendik aurrerako atxiloketa guztietan «era sistematikoan aplikatzea» lortu behar dela nabarmendu zuen Yoldi abokatuak.

Alde horretatik, Garzonek ez ezik Auzitegi Nazional espainolean lanean ari diren gainerako epaileek ere protokoloa beteko duten edota Ertzaintzak eta Guardia Zibilak neurri horiek onartuko dituzten itaundu zuen Yoldik.

Alta, Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiko abokatu Julen Artzuagak ez du uste protokoloa Garzon epailearen «borondate humanitarioari zor» zaionik. Neurri horiek indarrean sartzea euskal gizarteak torturaren aurka egindako presioagatik, nazioarteko erakundeek egindako lanagatik eta inkomunikazioaldian atxilotuak konfiantzazko medikuarekin egoteko eskubidea jasotzen duen lege erreformagatik izan dela nabarmendu zuen Artzuaga abokatuak.

Mati Iturralde medikuaren aburuz, atxilotuek konfiantzazko mediku batekin egoteko beta izatea «torturaren prebentzioan pauso bat» da. Haren ustez, «garrantzitsua» da auzitegiko medikuen azterketa egitean poliziakideek jakitea atxilotuak berak hautatutako sendagilea bertan egongo dela. Beste alde batetik, neurri horrek «detekzio goiztiarra» dakarrela azaldu zuen Iturraldek; hau da, unean unean torturaren berri izateko parada eskaintzen du neurri horrek, inkomunikazioaren ondorengo testigantzei itxaron gabe.

arkitektura

Azken atxilotuei ezarritako neurriak prebentiboak izan direla uste du TATek; tortura bukatzeko, ordea, hari bide ematen dion «arkitektura juridiko guztia» deuseztatu behar dela deritzo.

Konfiantzazko medikuak «emozio-laguntza» ematen du

Mati Iturralde Araban atxilotutako lau gazteen konfiantzazko sendagilea izan da. Inkomunikazioak iraun duen bitartean, auzitegiko medikuarekin batera, haiekin egoteko beta izan du, eta harentzat esperientzia berria izan arren, torturaren prebentziorako aurrerapauso bat dela deritzo.

Aukera horrek tortura bukatuko ez duela uste badu ere, «berme bat» dela azaldu zuen; «aprobetxatu beharreko bermea», adierazi zuenez. Era berean, atxilotuentzat «laguntza emozionala» dela nabarmendu zuen; atxilotutakoak estresatuta egon ohi dira, eta hurbileko pertsona bat ondoan izateak «on egiten» diela adierazi zuen Iturraldek. O.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo