GARA > Idatzia > Euskal Herria

IAren Eskola Ibiltaria, eredu alternatiboa

Atzo bukatu zuen Ikasle Abertzaleak taldeak Eskola Ibiltariaren zortzigarren edizioa. Galdamestik Santutxuraino joan ziren gazteak, indarrean dauden hezkuntza sistemek alternatibak badituztela frogatzeko eta Euskal Eskola Nazionalaren aldeko borrokarekin segitzeko asmoz.

GARA |

Atzo bukatu zen Santutxun 2007ko Eskola Ibiltaria, Ikasle Abertzaleak taldearen udako ekimenaren zortzigarren edizioa. Euskal Herriko hainbat parajeren berri izan dute urteotan, baita bertako biztanleena eta bizitzarena ere, «gaur egungo hezkuntza sistemak eskaintzen duen eredua gaindituz, bertatik bertarako ezagutza bultzatuz, parte-hartzea sustatuz eta hezkuntza prozesu kritikoa irudikatuz». Alde horretatik, Galdamestik Santutxurainoko ibilbidea egin duen aurtengo Eskola Ibiltarian urrats kualitatibo garrantzitsua egin dutela uste du Ikasle Abertzaleak taldeak: «Modu integralean eta adibide lokalen bidez landu dugu ibilbide guztian gai nagusia, baita eskola, eztabaida eta mahai-inguruen kalitatea eta izaera zaindu ere, parte-hartzea bultzatzen duen izaera kritikoa».

Hala, Galdamestik Santutxura, gaurko sistema ekonomikoaren eta horren ondorio sozial eta naturalen inguruko gogoeta egin dute, kapitalismoaren bilakaera hainbat eskualdetako adibideekin ulertuta. Meatze ingurutik industrializazio eta desindustrializazio basatia bizi izan duen ezkerraldera joan dira, eta handik, Bilbora, zerbitzugune bilakatu den hirira.

Eskola Ibiltaria gero eta errotuago dagoela deritzete, eta horrek garrantzi berezia du eurentzat, gaur egungo hezkuntza sistemek alternatibak badituztela frogatzen baitute urtez urte. «Ikaslea subjektu pasibo eta akritiko legez tratatzen duen irakaskuntza ereduari buelta ematen diogu euskal ikasleok hiru egunez, Euskal Herria gure eskola bilakatuz», baieztatu zuten, eta zera gaineratu zuten ondotik: «Ikasle abertzale eta ezkertiarrok datozen urteetan ere konstatazio bera egiten jarraituko dugu: bestelako hezkuntza eredu bat posible da, ikasle kritikoak heziko dituena, hauek beren hezkuntza prozesuan subjektu direlarik». Horixe da beren hautua: Euskal Eskola Nazionalaren alde borroka egiten segitzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo