Nazio Eztabaida Guneak hainbat eragileren ekarpenak, iritziak eta sentipenak bildu ditu
GARA |
Berrogei bat lagun bildu ziren atzo Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean: Nazio Garapenerako Biltzarraren inguruko jendea, Milakabilaka ekimenekoa... Bakoitzak bere ideiak, sentimenduak, iritziak eta ekarpenak plazaratu zituen, eta aitzinera begirako hausnarketa egin zuten guztiek elkarrekin. Urriaren 27an izanen den Nazio Eztabaidaren aurreko prozesuan nola jardun ere pentsatu zuten: zer egitea komeni den, zer ez den egin behar... Ideia sorta bildu zuten.
Nazio Eztabaida Guneko kideek ez dute eztabaida urriaren 27ko ekitaldira mugatzen; prozesu bezala ulertzen dute. Irailaren 1ean abiatuko dute prozesu hori, atzo modu desordenatuan bota zituzten ideiak aztertu eta denei forma eman ondotik. Horretarako, atzerrian bizi diren euskaldunek ere eman diete laguntza.
Uztailaren 8an Nazio Eztabaida Gunearen Mahai Amerikarra sortu zuen Buenos Airesen euskal diasporak, honako helburuekin: «Euskaldunak eta euskaldunen lagunak gatazka politikoaren jatorriaz jabetzeko» lan egitea; konponbidea lortzeko bideak aztertzea eta komenigarrienak zein diren hausnartzea; euskal naziotasunaren berri ematea eskuragarri dituzten eztabaidagune eta komunikabide guztietan; eta euskal nazioari dagozkion eskubideen aldeko iritzia garatzea.
Mahaia sortzeaz gain, Argentinako eta Uruguaiko euskaldun talde horrek nazioaren eraikuntzan eta negoziazio prozesuan aktibo izan nahi zuela jakinarazi zuen. Interesgarritzat jo zuen Nazio Eztabaida Guneak egiten duen lana, eta parte hartzeko mekanismoak martxan nola jar zitzakeen galdegin zion. Prest azaldu zen diaspora irailaren 1ean hasiko den eztabaida prozesuari ekarpena egiteko. Horregatik, Buenos Airesera ere bidaliko diote NEGko kideek abuztuan landuko duten dokumentua.
Egoerak eskatuta
«Bulegoan bertan idatz genezake dokumentua, eta gero eragileei igorri. Baina egoerak eskatzen zuen ikuspuntu desberdinak elkartzea, hainbat iritzi plazaratu eta denen artean hausnartzea», azaldu ziguten NEGko lagunek. Aurre lanketa egiteko elkartu ziren Martin Ugalden pentsamendu ugaritako berrogei pertsona; eragile sozial, sindikal eta politikoak. Egoeraren balorazioa egin zuten, zertan asmatu den eta zertan ez adierazi, aurrerantzean nondik jo daitekeen... Lau orduko bilera izan zen eta kontu anitz atera zen. «Zezenari adarretatik heltzeko abiapuntua» izan zen, beren hitzetan.