Hain gertu eta hain urrun
Gaizka LASA
(Karpin-Galicia)
Batek bakarrik irabazten duela. Horixe da txirrindularitzaren errealitate gordina. Garailearentzat horixe da xarma. Denen gainetik sentitzea protagonista nagusi bezala. Gertu ibili denarentzat, ordea, kirol honen bidegabekeria gogorrena. Izan ere, bigarrenaz inor gutxi gogoratzen da. Ospe guztia irabazlearentzat baita. Dena ondo eginda ere, arrakasta ez dago ziurtatuta. Galdetu, bestela, Landaluzeri. Atzo, beste behin, zerutik gertu geratu zen. Ihesaldian sartzeko izaten den borrokan lortu zuen helburua. Indarrak ondo neurtu zituen azkeneko aldapa iritsi arte. Baina 180 txirrindularitik erdiek gutxienez atzo ihesaldian sartzea izango zuten helburu, eta hamabostek bakarrik lortu zuten. Eta horietatik denek irabazi nahi zuten. Azkeneko mendatean begi-bistan zuen Euskaltelkoak garaipena. Baina aldapan begiek ere engainatu egiten gaituzte. Hain hurbil eta hain urrun. Buruak behin eta berriz esango zion: «Hortxe dago eta». Baina, hala ere, ezin. Hain tarte txikia eta hainbeste diferentzia aldi berean. Esku- eskura dagoena ihes egiten ikusteak ematen duen ezintasuna. Ez zuen gerra xamurra izango mutilak barru aldean, buruaren, bihotzaren eta gorputzaren artean. Lehia ikusgarria eta emozioz betetakoa eskaini ziguten. Eta gosegarri bat besterik ez omen zen adituen arabera. On egizuela bada gaur!