GARA > Idatzia > Osasuna

Fitxatzea

Hugo Vianak Raul Garciaren zuloa betetzeko erronka du

Portugaldarrari 2001. urtean jokalaririk onenaren saria eman zioten; Valentziak utzita jokatuko du, eta gorritxoek erosteko aukera izango dute urte amaieran

p047_f01_097x108.jpg

p047_f02_087x095.jpg

Jon ORMAZABAL | IRUÑEA

Iazko denboraldi onaren ostean, zulo asko bete behar izan ditu Osasunako kirol zuzendaritzak, eta Juanjo Lorenzok emanak dizkio Kuko Zigandari Raul Garciak utzitako hutsune nabarmena betetzeko osagaiak. Gaztetasunaren alde egin du talde gorritxoak harrobiko azken perlaren ordezkoa bilatzeko, eta Margairaz suitzarrak lagundu diezaionarekin, Hugo Viana portugaldarrak eramango du nafarraren ordezko izatearen pisua bizkarrean.

Valentziak utzita arituko da orain 24 urte Barcelos herrian jaiotako erdilari ezkerra, eta Newcastlen eta Valentzian izan ez duen jarraikortasuna bilatu nahi du Iruñean, Lisboako Sportingen erakutsitako ahalmenak garatzeko asmoz. Osasunak gazteekin erakutsitako esku ona berretsi eta Vianak jaioterrian erakutsitako maila berreskuratuko balu, talde gorritxoak jokalaria erosteko aukera izango luke lau milioi euroren truk.

Portugalgo jokalari askori gertatu bezala, Osasunako jokalari berriak sekulako maila teknikoa erakutsi zuen oso gaztea zela, baina uste baino gehiago kosta zaio futbol profesionalean leku bat egitea. Ezker oin zoragarriari, kalitateari eta pase luzeei esker, kontinenteko erdilari onenaren proiektutzat jo zuten hainbat adituk, eta Lisboako Sportingen egindako denboraldi izugarriak FIFAren jokalari gazte onenaren saria irabazteko balio izan zion.

Europako talderik indartsuenak laster izan zituen atzean, eta 19 urte besterik ez zuela, Newcastlek fitxatu zuen. Vianak ezin izan zuen Inglaterrako futbol bizi eta teknikora moldatu, eta bi urteren buruan etxera itzuli zen Valentziak Eduren hutsunea betetzeko fitxatu zuen arte, lesio larria baitzuen hark.

Bere herriko selekzioarekin gertatu zaion bezala, Valentzian ez du nahi besteko jarraikortasunik izan, baina 26 partida jokatu ditu azken denboraldian, horietako zortzitan titular izan da, eta bi gol sartu ditu.

Raul Garciarekin alderatuz, fisikoz eta indarrez eskasagoa eta taktikoki bigunagoa dela esan genezake, baina nafarrak baino kalitate handiagoa duela ere bai. Puñalek eta Nekoumanek bizkarrak ondo zainduz gero, Sadarreko zaleek gozatzeko modua izan dezakete Vianarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo