Harri-jasotzea Txintxarri Sariketa
Irigoienek txapela lortu du, baita marka berria ere
Errezildarra sasoi betean dago, eta azkenaldian jokatzen ari den lehiaketa guztiak bereganatzen ari da. Atzo hiru jasoaldi kendu zizkion Izeta II.ari
Jon LEUNDA | ALEGIA
Aimar Irigoienek irabazi zuen atzo Alegiako Txintxarri Sariketa. Errezildarrak hiru jasoaldiko aldea kendu zion Izeta II.ari, atzo bigarren geratu zenari eta iazko txapeldunari, hain zuzen. Gainera, iaz aiarrak eman zituen baino jasoaldi bat gehiago eman zuen, eta lehiaketako marka berria ezarri zuen.
Jendetza handia batu zen Alegian lehiaketa hori zuzenean ikusteko asmoarekin, eta beroa ikaragarria izan zen. Harri-jasotzaileek 125 kiloko harri zilindroa, kubikoa eta bola erabili zituzten, eta bakoitzarekin lanean aritzeko hiruna minutu izan zituzten. Zilindroa izan zuten lanerako estreinako harria, eta Izeta III.a izan zen hasten lehenengoa. Aiarrak lan bikaina egin zuen, 31 aldiz berdindu baitzuen harria bizkarraren gainean.
Atzetik Ostolatza etorri zen, eta uste baino lan kaskarragoa egin zuen harri horrekin; baleko 30 jasoaldi eman zizkioten, bat ustela izan baitzen. Izeta II.aren txanda etorri zen ondoren, eta atzo arteko txapeldunak 35 aldiz berdindu zuen harria bizkarraren gainean. Atzetik plazaratu zen Aimar Irigoien, eta horrek jasoaldi berak eman zizkion, eta lehen postuan berdinduta geratu zen. Garbi geratu zen lehen saioaren ostean txapela Irigoienen eta Izeta II.aren artean egongo zela.
Kubikoa izan zuten bigarren harria, eta Izeta II.ak 15 jasoaldi eman zizkion. Ondoren, Ostolatzaren txanda izan zen, eta zestoarra aurreko harriarekin baino askoz ere hobeto aritu zen. 19 aldiz berdindu zuen harria.
Izeta II.ak lan bikaina egin zuen eta 21 jasoaldi eman zizkion harri horri. Atzetik zen Irigoien, eta horrek ere Izetaren jasoaldi kopuru bera eman zion, eta lehen postuan berdinduta jarraitzen zuten.
Bola zen azkeneko harria, eta hortxe erabakiko zen dena. Izeta III.ak 14 jasoaldi eman zizkion. Ostolatzak, berriz, lanik onena egin zuen harri horrekin, eta 20 aldiz berdindu zuen harria. Plazaratu behar zuten azkeneko bien artean zegoen txapela. Izeta II.ak, ordea, behera egin zuen, 17 jasoaldi eman zizkion, iaz eman zizkionak baino hiru gutxiago. Ustel bat ere izan zuen. Irigoienek ez zuen hutsik egin, eta 20 jasoaldi eman zizkion. Modu horretan txapela irabazi eta marka berria lortu zuen. Amaieran, Irigoienek 76 jasoaldi lortu zituen; Izeta II.ak, 73; Ostolatzak, 69; eta Izeta III.ak, berriz, 60 jasoaldi.
Aimar Irigoien oraindik oso gaztea da. 21 urte besterik ez ditu, baina dena apurtzen ari da. Azkeneko bi hilabeteetan Gorostidi Harria Lehiaketa, Gipuzkoako Txapelketa eta Txintxarri Sariketa irabazi ditu.
Iaz egindako markei begiratuta, Aimarrek eta Izeta III.ak ondu zituzten lanak. Errezildarrak iaz baino bost jasoaldi gehiago eman zituen, eta aiarrak, bi gehiago. Izeta II.ak bi gutxiago egin zituen, eta bat gutxiago, Ostolatzak.
Garmendiak eta Iraolak irabazi zuten atzo, Alegian, Gipuzkoako Bigarren Mailako trontzalarien txapela. Bost bikote neurtu ziren, eta bakoitzak kana-erdiko bati zortzi epai etzanda eta 45ekoari lau zutik eman behar zizkion. 9.13 izan zen txapeldunen denbora.
Bigarren, berriz, Salegi eta Larrañaga izan ziren, eta 10.52 izan zen haien denbora. Hirugarren, Urteaga eta Katalina sailkatu ziren, 11.14. Horiengandik hiru ehunenekora sailkatu ziren Garmendia eta Insausti, eta Mujika eta Ugarte izan ziren azkenak, 11.19.