GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Sega Bizkaiko Txapelketa

Jon Lapazaranek ez du hutsik egin, eta bere herrialdean onena izan da

J.L. | DONOSTIA

Jon Lapazaranek irabazi zuen atzo, Otxandion, Bizkaiko txapela. Bera zen garaipena lortzeko faborito, eta ez zuen hutsik egin.

Bost ziren izatekoak atzo jokatu zen finalean, baina azkenean Albizuak huts egin zuen, eta lau neurtu ziren. Belarra nahiko ona zen, eta jende gehiegi ez zen izan ikusten. Izan ere, han ere beroa izan zen nagusi.

Atzo bi lehiaketa ikusi ziren. Lapazaranek eroso irabazi zuen, baina ez zuen iaz bezalako alderik lortu, Goioagak ere lan txukuna egin baitzuen. Hala ere, horrek ezin izan zion txapeldunari aurre egin, eta txapelak zegoen lekuan jarraituko du.

Beste lehiaketa azken posturako izan zen Etxeberriaren eta Gondraren artean. Horiek ez ziren aurreko biengana gerturatu ere egin. Lapazaranek 1.000 kilotik gora kendu zion Etxebarriari, hirugarren sailkatu zenari, eta agerian geratu zen horien artean zer-nolako aldea dagoen.

Hala ere, lehia ederra izan zuten Etxeberriak eta Gondrak, eta kilo gutxi batzuen aldearekin Etxebarriak aurre hartu zion.

Lapazaranek txapela jantzi zuen, eta horretarako, ordubetean lanean aritu ostean, 2.497 kilo belar moztu zituen. Bigarren Goioaga izan zen, eta horrek 2.167,5 kilo belar ebaki zituen. Hirugarren Etxebarria sailkatu zen, eta berak 1.439,5 kilo moztu zituen, eta Gondra izan zen sailkapeneko azkena; ordubetean 1.383 kilo belar moztu zituen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo