GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

«W»z hasten den hitz hori

Ez zen batere erraza bere oinarrizko hiztegiaren bostena inguru «w»z hasia duen hizkuntza erabiliz, baina estatubatuarrek ados ipintzea lortu dutela ematen du: «`w'z hasten den hitz hori» diotenean, hitz bat eta bera aditzen du gaur egun mundu guztiak AEBetan. Withdrawal. Erretirada. Iraketik, noski. Aipatu ezin den arren, hizpidetik kendu ezin duten hitza.

Sinestezinezko muturretaraino eramana duten zuzenkeria politiko hori baino gehiago, hala ere, arazo guztiz erreala dago itzulinguru bitxiaren sorburuan: Iraketik erretiratzeko asmoez hitz lauz mintzatzeak erretirada horrek erakarriko lituzkeen buruhausteak aurreratzea besterik ez du lortzen... Iraketik irteteak Estatu Batuentzat edukiko lituzkeen onurak hurbildu ordez urrunduz. Insurgentziari bere ekintzak areagotzeko seinalea bidaliko litzaioke, armada okupatzailearen bajak ugarituz; inguruko herrialdeek nork bere posizioak sendotzeko esfortzua bizkortzeko premia sentituko dute aldaketari aurre egiteko, eta horrek ingurua aldrebestea adierazten du ezinbestez; Estatu Batu ahulduaren irudipenarekin jokatzen hasiko da mundu osoa...

Burutazio hauek eta gisakoak, legegileen aurrean «iraileko azterketan» gainditu nahiko (eta ezingo) dituen horiek kaskopean zituela arituko zen pasa den astean Petraeus jenerala Estatu Batuek Mesopotamian, britainiarrek Ipar Irlandan bezala, «agian, hamarkada batzuetarako» geratu beharko dutela esaten. Ez dut uste berak ere oso aintzakotzat hartuko zituenik bere hitzak: Petraeus ez da kaiku bat, eta ondotxo ezagutzen ditu kasu baten eta bestearen arteko ezberdintasunak. Alderaketa egiteko ezagutza zuzenena duten britainiarrek ez dute, noski, fitsik ere esan buruzagi estatubatuarraren tesiaren ildoan. Beronek, berriz, ez du konparazio biderako erabili inork baino hobeto ezagutzen duena (Vietnamgo gerraren ikertzaile militar ospetsuena da Petraeus).

Patetikoagoa zen, erabat jota ageri den Bushen adierazpena: «Jeneralek, eta ez beste inork, erabakitzen dutenean ekingo zaio erretiradari». Uniformedunen atzean babesteko saio tristea. Arazoaren muina baita Iraken jarraitzeko jeneralek ez ezik mertzenario arruntek dirua, diru asko, behar dutela; eta sos horiek, gaurkoz, Washingtoneko ganbaren poltsatik irtendakoak izan beharko dutela.

Eta benetako arazoa da aipatu ezin den hitzaren ingurukoa dela debate politiko nagusia AEBetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo