Ixabel Etxeberria Irakaslea
Igortzen diguten mezua entzun behar dugu!
Uztailaren hamalau handia ospatu zuten. Lau mila bostehun frantses soldadu pasa bildu zituzten Frantziaren gerlarako gaitasunaren goraipatzeko. Haiekin batera, Europa gaindiko beste armaden ordezkariak zeuden, besteak beste espainolak, harrotasun hanpatu batekin, Champs Elysees famatuetan urrats eta musika mi- litarraren erritmoan ibiltzeko prest. Goiz guzian frantses telebistak gure diruarekin ordaindutako frantses militarren ekintza bakezaleak erakusten aritu ziren, nahiz eta militarra eta bakea nahiko kontraesankorra izan. Hala, ikusi genituen Afganistango herri txikiak miatzen, zeharkatzen, herria berreraikitzen ari zirela erraten, gezur horiek guziak zabaltzen, Frantziaren gloriaren izenean. Hamalauko egun hori zein ederki ospatzen den erakutsi ziguten, Sarkozy boterean denetik hain ongi bizi den Frantzia horretan. Eskuin muturrarentzat errealitatea gordetzen duen lilur nazkagarria.
Ez ginen horren begiratzera behartuak noski, ondorioz atera ginen. Baina, karriketan, militarrak agertu ziren, beharrik pareta batzuetan irakur zitekeen, hemen, beste gai batzuk zintzilik gelditzen direla, gazteak ez ziren bakarrik besta egiten aritu!
Eta noski, nahiz eta besta eguna izan, supermerkatuek irekitzeko baimena izan zuten.
Ezin gelditutako lerratzea dirudi. Kazetari kritikoak de- sagertu direla ematen du, diskurtso nagusi, potente, horri erantzuteko gaitasunik ez dagoela. Kontsumismoa bizi- tzeko manera bakarra dela ematen du. Eta hori, era bortitzagoan opor lekuan bizi garenontzat. Eguraldi txarra baldin bada, denak bideen gainean eta supermerkatuetan, non ordutegiak luzatzen dituzten, prezioak igotzen. Ostatuak betetzen dira eta langileen lan baldintzak okertzen. Oren gehiagoren egitera behartuak dira, eta askotan oren gehigarriak ez dizkiete ordaintzen. Sindikatuak urtero horren salatzera ateratzen dira, eta aurten ezin izan dute bestela egin, horri buruzko zorroztasunik ez baita. Legearen errespetatzeko zailtasunak daude.
Gauzen errazteko, Baionako epaitegiaren urruntzeko arriskua oso kezkagarria da. Izan ere, eskubideen defentsarako eremu hau beste lurraldeetara eramanen baitute. Urteak borrokak eramaten, bertan azpiegitura, egiturak beharrezkoak ditugula, eta maila horretan ere alderantzizko mezua, eta behar bada ekintza. Ipar Euskal Herria Parisetik oso urrun gelditzen da, ez gaituzte entzuten, aisialdirako eremu ederra da hau, horretarako balio dugu, araberako geroa prestatzen digute eta pixkanaka estatuaren ardurak eta erabakiguneak urruntzen. Horrekin ulertu behar dugu gure hitza ez dutela behar. Gure haien erabakiekiko adostasuna baizik. Igortzen diguten mezua entzun behar dugu. Baliteke Euskal Herriari begira itzultzea beste gero bat ekar ligukeela. Euskal Herriari begira, benetan!