Alfre Elgezabal Burgos Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Komunikazio arduraduna
Batzuetan musu-truk, beste batzuetan sasi-doan
Lan elkarrizketetan lanpostu duina eskuratzeko eskarmentua behar delako aitzakiarekin jolasean ibiltzeak ondorio tristeak eragin ditzake
Ez gara drogetatik urrun bizi, politika ez zaigu zuek uste bezain arrotz egiten, etxebizitza duin bat edukitzeko ametsa dugu eta horretarako lan egiten dugu, GKEak eta gizarte elkarteak ezagutzen ditugu, batzuetako kide ere bagara...» badakit hau guztia esan arren gazteak gizarte osoko pertsona erosoenak direla esaten dutenei zaila egingo zaiela iritziz aldatzea.
Umeekin zenbait udaleku edo kanpalekutan egoten diren begirale boluntarioak datozkit burura. Eurei esker sarritan egungo gazteen («aurreko belaunaldiak hobeak ziren», hala diote) jarduna kritikatzen duten gurasoek haien seme-alabak aldi baterako urrun edukita atseden hartzeko beta izaten dute. Guraso hauei astialdi taldeek, kanpalekuek eta udalekuek, aspaldi, «haurtzaindegi» izatearen funtzioa betetzeari utzi ziotela jakinarazi behar zaie. Guraso hauek haien seme-alabek balioetan oinarritutako hezkuntza bat jasotzan ari direla sinetsi eta barneratu behar dute. Play-Stationetik urrun dagoena, matematika irakasleak irakatsi ezingo diona eta gurasoek eurek bideratzen dieten heziketaren osagarria.
Giza balio zehatz batzuen trasmisiorako konpromisoa dute, gainera, mugikortasun arazoak edo adimen urritasuna duten pertsonekin boluntario ibiltzen diren gazteek. Euren oporren hilabete osoa edo hamabostaldia, pertsona hauek etxetik kanpo naturak eta lagunen konpainiak eskainitako zirraraz goza dezaten, bideratzen dutenak.
Bestelako balio eta lekukotzak jasotzera gatazkak eta pobrezia pairatzen dituzten lurraldeetara salto egiten duten brigadistek edota lankidetza musu-truk urruneko herrialdeetan eskuragai ematen duten kooperanteek gazteoi gizartea eraldatzeko berez ateratzen zaigun irribarre zintzoa islatzen dute.
Hauek ere boluntarioki eta gehienetan musu-truk. Erdi musu-truk edo sasi-doan lan egiten dutenak, bestalde, hainbat enpresatan bekadun legez dabiltzanak dira. Kopetan duten izerdiak itxitako tantak lehortzeko astirik gabe askotan, oporretan joandako profesionalaren lanari ahalik eta duinen eusten. Betetzen duten ogibideak langile izaera profesionala onesten ez dien arren, gazteak eta langileak dira. Erizain, kazetari, idazkari edota ekono- mialari lanetan diharduten bekadun gehienek inurri gorrien lanari eusten dioten bitartean, bikain bizi diren txitxarrak oporretan doaz.
Jaiegunik gabe eta batzuetan sosik kobratu barik. Lan elkarrizketetan lanpostu duina eskuratzeko eskarmentua behar delako aitzakiarekin jolasean ibiltzeak ondorio tristeak eragin ditzake. Esperientzia hori ezinbestekoa dela ikusita, erakunde askok gazteentzako formakuntza eskaintzen dute eta gehienetan hezkuntza bide hori oporretan doan profesional baten lanpostua goitik behera betetzean datza. Era berean, finantza erakunde batean baino gehiagotan edota hotelen batean baino gehiagotan sukaldeetan ekonomialari zein sukaldari legez ordaindu gabeko gazte esklabuak ari dira lanean. Esperientzia bila antza! «Beti izan da horrela eta ezer kobratu gabe 9 ordutan lan egin arren curriculuma betetzeko bederen baliogarria izango zait». Inurriek lanean duten gehiegizko grina izan gabe intsektu hauek duten elkartasun sendoa edukiko bagenu, lan baldintza basati hauei kontra egiteko prest egongo ginateke. Ez dakit utopiaren orbitan zehar nabilen, hala ere, lan bila dabilen gaztearen errealitatearekin bat datorren ipuina bada. Etxe bila dabilen gaztearena, ordea, fikziozko eleberria.