GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Berlusconiren itzal itzela

Ines INTXAUSTI

Telebista kritikaria

Gezurra dirudien arren, zutabe honek betirako lotu nau telebistarekin. Bi mila letra hauek desegin eta gero sortutako lerro luzeak zilbor-hestea balira bezala korapilo eta bat egiten didate pantailarekiko. «Zu beti zaude programak eta programak ikusten, ezta?», esaten didate lagun naif-enek. Eta naif gehiegi dago nire gustu apal eta xumerako, maiteok.

Uda-partean telebista ikustea ez da oso-oso para-normala. Guztiz aspertuta egon behar duzu horretarako. Eta, aspergarri-garria baino, oso tristea dela esango nuke. Ez duzulako beste ezer izango zara aparailu aurrean. Gaixorik zaudelako egongo zara hor. Dudarik gabe. Berlusconiren kateak -eredu gisa- etikoki jokatu du berriro ere eta bazkalosteko solasalditxo inozoa kendu du betirako (kar, kar, kar!) zaramaz beterik agertzen zelako. Eta «España en directo» saioak ikus-entzule kopuru guztia bereganatzen zuelako TVEn, jakina. Ondorioak agerian jarri dira aste honetan. Programa berri bat egiten ari direla esan digute (kor, kor, kor!). «Está pasando» (Gertatzen ari da) deitzen da zuzeneko kontzeptua indartzeko. Eta, zoritxarrez, ez du zerikusirik «España en directo» saioarekin, baizik eta kendu duten bestearekin. Paradoxikoa ezta?

Tele5ekoak oso bereziak dira garbitzeko orduan. Eta garbitu esan dudanean zertaz ari diren jakitea oso zaila baino gehiago ezinezkoa da. Gogoratu besterik ez «Salsa Rosa» bezalako azpi-produktua emankizun zerrendatik kendu zutenean. Ez zen ideia duinago bat kokatu nahi zutelako. Ez horixe. Segur aski garbitu hitza beraientzat camorra-tik dator, Berlusconi bera bezala. Ezin da halako ageriko jarrera zikinagorik asmatu. Hala eta guztiz ere, nik ulertzen dut. Nire amari gauza berbera gertatzen zaio garbiketarekin. Bisitan noanean lagunei esaten die: «Ines etorri da eta jakitegia garbitzen ari da». «Zortea duzu», esaten dute besteek. Baina amak badaki zer den garbitzea gure etxean: Ni poltsa handi batekin sartzen naiz jakitegi erraldoi horretan eta hil osoko hornidura eramaten dut etxerantz. Etxeko arrautzak, porruak, zerbak, patatak... Sweet home Alaba-ama, where skys are so blue!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo