GARA > Idatzia > Kultura

Lakuako dekretuaren kontrako oihuak nagusi izan ziren Deban, Praileaitzen aldeko martxan

p049_f02_97x92.jpg

GARA | DEBA

«Dekretu honi ez. Praileaitz SOS» aldarrikapenaren atzean bildu ziren 150 lagun inguru, atzo, Deban, Praileaitz I.a aztarnategiaren aldeko martxan. Protesta hori Praileatzen Lagunek, Debako Udalak eta herri horretako 25 elkartek babestu zuten.

Ibilbidea Foruen plazan abiatu zen, 11.00etan, musika bandak lagunduta. Ondoren, Sasieta harrobiraino joan ziren (bertan dago Praileaitz I.a) eta handik bide zaharretik itzuli ziren herrira. Bidean txistu asko entzun ziren, harrobiaren kontra eta ondare arkeologikoa babestearen alde.

Jesus Mari Agirrezabala herriko alkateak eta Udaleko alderdi guztien ordezkariek bat egin zuten historiaurreko aztarnategi hori babesteko deiarekin. Deia Lakuako Kultura Sailari bereziki egiten diote, biharko Gobernu batzarrean, Gasteizen, Praileaitz I.ari buruzko dekretua onartzekoa baitute. Dekretu horren edukia joan den astean azaldu zien Miren Azkarate Kultura sailburuak manifestazioaren antolatzaileei. Horien aburuz, dekretuak aztarnategiaren inguruko harrobia ustiatzen ari den Amenabar enpresaren interesak baino ez ditu babesten. Egoera larri hori gogorarazi zuten atzo Javier Castrok eta Xabier Lakak, manifestazioaren bultzatzaileetako batzuek.

Munibe taldeko kide bi, Miguel Sasieta eta Juan Mari Arruabarrena, ere han izan ziren kobazuloaren egoera larriaz ohartarazteko. Talde horrek aurkitu zuen Praileaitz I.a 1983an. Arruabarrenak gogorarazi zuenez, Praileaitz II.a harrobiaren ustiapenak desagertarazi zuen, Ermittia aztarnategiari gertatu zitzaion moduan. Eta Praileaitz I.a bide beretik doala nabarmendu zuen. Hori gerta ez dadin bide bakarra ikusten du: atzoko bezalako manifestazio eta protesta asko egitea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo