GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Admnistrazioa euskalduntzea

«Oraindik ere, hizkuntza eskubideak sistematikoki zapalduak dira»

Iñaki LASA

Kontseiluko ildo politiko-instituzionaleko arduraduna

Oihana LLORENTE |

Euskal Herria zatikatua dugun lurralde eremu desberdinetan euskararen normalizazioaren bidean urratsak egiten omen dira. Noizean behin, arduradun politikoak, datu saltsak eskuetan dituztela, admnistrazioan gertatzen diren aurrerapausoak goraipatu eta etorkizun oparoa marrazten diote euskarari. Herritarrak, ordea, ez dituzte aurrerapauso horiek nabaritzen eta euren hizkuntza eskubideak ukatuta eta zapalduta aurkitzen dituzte behin eta berriz. GARA errealitate horretara hurbildu eta admnistrazioak euskalduntzearen nondik norakoak gertutik ezagutzeko beta hartu du. Horretarako, Kontseiluko ildo politiko-instituzionaleko arduradun Iñaki Lasarekin egon da.

Euskal Herria hainbat administraziotan zatikatuta dago. Hori kontuan hartuta eta era orokor batean bada ere, zein egoeratan da euskara horietan? Hizkuntz eskubideak bermatu ahal dira bertan?

Hizkuntza eskubideak sistematikoki eta era orokor batean urratzen dira Euskal Herriko administrazio guztietan, hori da hainbat urteren buruan, bai Behatokiak gauzatzen dituen txostenetan zein euskal herritarrak euren esperientziarekin ondorioztatu dutena. Horixe da abiapuntu orokorra, nahiz eta gero Euskal Herria zatikatua dugun admnistrazioetan hizkuntz politika desberdinak aplikatzen diren.

Zehazkiago, zein egoera dugu Nafarroan?

Nafarroan dugu egoerarik makurrena. Bertan ez dira planik ezagutzen, ez dago admnistrazioa euskalduntzeko inolako plangintzarik. Gainera, azken urteetan Sanz Gobernuaren eraginez atzerapausoak izan dira.

Eta, Lapurdiri, Nafarroa Behera ri eta Zuberoari dagokienez?

Ipar Euskal Herrian, sortu berri dute Euskararen Erakunde Publikoa. Hemen ere, admnistrazioa euskalduntzeko ez da lan planifikaturik eskaintzen. Berriro ere, hizkuntza politikoari sustengoa emateko borondatearen aldeko deia egiten da, hautu librean oinarritu behar den politika dela esaten dute. Era horretako politikek noraino ematen duten badakigu, oinarri horiekin ezin baita hizkuntza bat normalizatu. Hala eta guztiz ere, erakundea bera sortu izana urrats bat dela aitortu behar dugu; euskalgintzak egindako lan eskergari zor zaion pausoa, gainera. Baina egiturak sortzea ez da nahikoa, benetako politikak gauzatzeko xedea izan behar baitute.

Azkenik, zein egoeratan dago euskara Araban, Gizpuzkoan eta Bizkaian?

Hemen era planifikatuan egiten da lan. Egun hirugarren plangintzaldiaren ebaluazioan gaude. Baina oro har plangintzaldi horiek hizkuntz eskubideen bermea ekarri ez dutela esan behar dugu. Adibide bat mahai gainean jartzearren, bigarren plangintzaldiarekin 83 atal euskalduntzea aurreikusi bazuten ere, ez zuten bakar bat ere euskaldundu. Beraz, planifikazio horiek gabezi estrukturalak dituztela esan behar dugu. Egoera ez da xamurra, admnistrazioak ez baitu epe jakin batean zerbitzua eta lana euskalduntzea lortuko.

Kolapso egoeraz mintzatu da Kontseilua. Zergatik ?

Orain artean, hizkuntza politiken arduradunek borondatean oinarritutako prozesua babestu dute. Gainera, gizartearen bilakaerarekin batera gauzatu behar dela defendatu dute. Horrek guztiak ekarri du prozesuaren beraren porrota.

Euskaldun kopurua edozein izanik ere, administrazioak herritarren hizkuntz eskubideak bermatu behar ditu. Ikusi bestela elbarriak; hauek gutxi izanagatik euren mugikortasun eskubidea ukatu ahal zaie-edo? Egungo plangintzen oinarrian, ordea, euskaldunen kopurua dago. Hor dugu derrigortasun data kalkulatzeko indizea adibidez, indize honek lanpostuek euskara noizko jakin behar den adierazten du eta egun lanpostuen %40k soilik du ezarria. Baina indize hori erroldaren eboluzioaren arabera zehazten da, gero eta euskaldun gehiago egon, orduan eta postu gehiagotan eskatuko dute derrigortasun tasa. Hori iruzurra da, euren plangintzen arabera, behin gizartea euskalduna denean lortuko baita admnistrazioa euskalduntzea. Admnistrazioak jada beharko luke euskalduna, ordea.

Baina, zeintzuk dira hutsune nabarmenenak?

Hutsuneak ugariak dira. Guk administrazioaren euskalduntzea, ipurdia zulatua duen lapiko batean ura botatzearen pare ikusten dugu. Egia da, dirua inbertitzen dela, planifikazioak egiten direla... baina horrela ezinezkoa da. Oraindik ere, euskara ez dakiten langileak kontratatzen jarraitzen dute, etorkizunean euskaldundu beharko direnak. Hau nola uler daiteke? Ikuspegi ekonomiko batetik bada ere, zein enpresariok egingo luke hori? Egungo langileen %80 euskaraz ikastera salbuetsita daude adina dela-eta; horien artean, goi karguak edota arduradun politikoak daude; maiz euskalduntzen den jendea ez dute gero zirkulu euskaldunetan kokatzen, ikasitakoa galduz... Euskalduntzea baldintza hauetan ezinezkoa da. Egungo politikek ez dute euskararen normalizazioa bermatzen.

Gainera, prozesuak sine die luzatzen ari dira. Plangintzaldiak bata besteraen atzetik datoz, denak dute zenbaki dantza, denak omen dira positiboak.... baina errealitatea orain 25 urte bezala, euskaldunon hizkuntz eskubideak zapalduak jarraitzen dutela da.

Egoera ez da xamurra, baina errealitatea eraldatzeko neurriak plazaratu dituzue. Zeintzuk dira horiek?

Guk hainbat neurri planteatu ditugu, «txoke» neurriak hain zuzen ere. Horiek aplikatuz gero, laugarren plangintzaldia erabat desberdina izango litzatzeke, eraginkorragoa eta euskararen normalizaziorako onuragarriagoa. Gure neurrien artean, lehena helburu lorgarri eta espezifikoak dituzten planak martxan jartzea da; gizarte eragileekin koordinatutakoak eta gardenki eta maiz ebaluatuko dituztenak. Gure ustez, admnistrazio orok izan behar luke erabilera plana eta gainera, hainbat gutxieneko bete beharko lituzkete plan horiek. Hala nola kontratatuko diren langileak bi hizkuntza ofizialak ezagutzea, euskaldunak diren langileak euskarazko zirkuituan kokatzea, lanpostu orok derrigortasun data izatea...

Neurri horietaz harago, zein da Kontseiluaren eskaera?

Kontseiluatik egiten diren kritikak, ez dira koiunturalak, erabat estrukturalak baizik. Beraz, beste hizkuntza politika bat ezinbestekoa dugu. Bestela ez dago zer eginik. Gainera, gure aburuz, admnistrazioa euskalduntzea ez da zerbait isolatua; hizkuntza politika orokor baten baitan kokatu behar da. Hizkuntza politikaren ezagurri garrantzitsuenetakoa helburu eta epe ezagunekin lan egitea da, hau da, era planifikatuan lan egitea. Egun Euskal Herrian aplikatzen diren hizkuntza politikek ez dute eperik; eta helburuak ezagunak izan direnean ez dira bete. Epeak ezinbesteakoak dira. Herritarek jakin behar dugu noizko eskuratuko dugun admnistrazio euskalduna.

Lakuatik, ordea, aurrerapauso nabarmenak egiten dituztela baieztatzen dute behin eta berriz...

Balantzeak aurkezteko moduan, Lakuak errealitatea desitxuratu nahi du. Su artifizialen antzera egiten dute lan, une batez piztu, gero itzaltzeko. Hori ez da politika egokia eta bide horretatik ez da etorriko euskararen normalizazioa. Lakuak erabiltzen dituen datu saltsa edota esaldiak izugarriak dira. Hona hemen haien balantzean irakur daitekeen esaldietako bat: «sekulako aurrerakada egin dugu, hein handi batean administrazio elebidunaz hitz egin dezakegu». Gibelak behar dira hori esateko!

Zein euskara maila eskatzen dute administrazioan lan egiteko? Eta maila hori nahikoa al da?

Ziurtasunez ez badakigu ere, euskara eskatzen den lanpostuen ehuneko handi batean, lehen eskakizuna da aintzat hartzen dena. Maila hau oso apala da. Lakuak berak, bere balorazioan maila horri eustea zaila dela dio; eta gainera, hizkuntza eskakizun hori euskaraz jarduterako garaian nahikoa ez dela ere onartzen du txostenean. Lakuak hori aitortzen badu, ez gara gu hori zalantzan jarriko dugunak. Gure ustez euskara eskakizuna berrikusi eta berraztertu behar da.

Salatu duzuenez, EAEren kasuan, Ertzaintza eta Osakidetza plangintzatik at dira. Zergatik? Zein egoera dago bertan?

Gure ustez, eta hala defendatzen omen du Lakuak, euskararen normalizazioa zeharlerroa izan behar du, baina Lakuak gauzatzen duen lanketa erabat estankoa eta konpartimentatua da. Hori errore bat da. Euskararen normalizazioari dagokion lekua lehendakaritza da. Bertan kokatu behar da, zeharlerro moduan, sail orotan eragin dezan. Guk ezagutzen ditugun plangintzaldiak gainera, soilik admnistrazio orokorrari dagokio. Hau da, Ertzaintza, Osakidetza, Justizia... hortik kanpo daude eta euren euskalduntze plangintzen balantzeak ez dira ezagunak ere. Herritarrek ez dakigu Osakidetza eta Ertzaintza euskalduntzeko zenbat diru xahutzen den. Hori ez jakitea onartezina da. Serioago eta gardenago lan egin behar da.

Plangintzei jarraipena egiten zaie? Nolakoa izan beharko zuen jarraipen horrek?

Egungo plangintzak erabat ebaluaezinak dira. Admnistrazioaren euskalduntzeak ez du epe zehatzik eta helburu lausoak ez dira betetzen beraz, planifikazioaren ostean balantzeak egitea erabat subjetiboa da.

Plangintzak ebaluatu behar dira. Jarraipen independientea, kanpokoa, jarraia, zorrotza, objetiboa... izan behar du. Era independente batean egin behar da, kanpo ikuskatze baten bidez. Kontseiluak, Bai Euskarari Ziurtagiriaren bitartez halako ebaluaketak egiten ditu arlo sozio-ekonomikoan. Guztiz objetiboak, neurgarriak eta fidagarriak dira ebaluaketa horiek. Admnistrazioak nahi izanez gero, Kontseiluak eskua luzatua du elkarlanerako, gustura ebaluatuko genuke Admnistrazioaren euskalduntzea independienteki.

Hori dela-eta, euskal hiztunek zer egin dezakegu?

Soilik beste hizkuntza politika berri batek ekarriko du hizkuntza eskubideen bermea eta hori agintarien erantzunkizuna da. Halere, zailtasunen gainetik euskara erabiltzen jarraitzeko gonbita egin nahi diet herritarrei. Eta noski, hizkuntza eskubideen zapalketaren aurrean oldartzera deitu nahi ditut. Urraketa hauek ez dira pasatzen utzi behar, beraz, egoera honetan aurkitzen garenean oldartu eta Behatokiari jakinarazi behar diogu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo