Larunbat jendetsu eta beroaren ondotik, Iruñeak lo hartu du azkenean
«Pobre de mí» gauerdian bazen ere, atzo goizean bukatu ziren Iruñeko bestak. Azken zortzi egunetan bezala, 8.00etan lasterkariak Santo Domingo aldapan bildu ziren; hori bai, entzierro xelebrea izan zen atzokoa.
Jasone MITXELTORENA |
Bederatzi egunean ikusitako guztiaren ondotik, Iruñea hain hutsik eta lasai ikustea arraro egiten da. Atzo goizean, erromesaldian zebiltzanak, erosketak egiten ari zen zenbait lagun, gaupasa egina zuen bat edo bertze eta kale-garbitzaileak bertzerik ez zebiltzan Alde Zaharreko kaleetan. Lo zegoenik baldin bazen ere, hutsik zeuden espaloiak eta zelaiguneak. Tabernak itxita edo garbitzen ari ziren, eta sanferminen hiria normaltasunerako prestatzen ari zen. Hala ere, goizean goiz oraindik gogotsu zebiltzan bestazaleak; hainbertze egun pasatu eta gero eta gaueko parrandaren ondotik, entzierroaren orduan indarrez zeuden zortzi egunetako lasterketarik xelebreenean parte hartzeko.
Ez zegoen aurreko egunetako polizia kontrolik, eta sanferminen ezaugarri nagusi diren bat-batekotasuna eta askatasuna libratu ziren. San Fermin bizirik agertu zen; txirrindulari batek parte hartu zuen; gurpildun zezenari ihes egin behar zitzaion, eta ohiko tentsioaren ordez, umorea nagusitu zen eta irrika ibili ziren lasterkariak. Bestetik, Poliziaren aurka eta bertze hainbat protesta egiteko balio izan zuen atzoko entzierroak.
Yolanda Barcinak atzoko eguna aprobetxatu zuen sanferminen azterketa egiteko. Urtero bezala, «normaltasuna» eta bisitarien kopuru handia nabarmendu zituen. Gertaera larririk ez dela izan adierazi zuen jaiei buruzko irudi ona sortze aldera. Udaltzainen lana bereziki goraipatu zuen.
Sanferminek kontrol ezaren itxura baldin badute ere, Poliziaren jarduerak ekimen eta jarrera anitz debekatzen ditu. Atzoko entzierroan askatasuna eman zitzaien bat-batekotasunari eta irudimenari.