GARA > Idatzia > Arrauna

San Miguel Liga

Castrok oso ongi baliatu du haizearen barealdia Donostian

Azken ziabogan bosgarren denbora egin arren, ordura arteko hego haizeak behera egitearekin batera atzerapenari buelta eman zion

p044_f02_097x096.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Castroko La Marinera ontziak irabazi zuen ezustean Kontxako Badian izan zen IX. Telefonica Bandera, San Miguel Ligako laugarren estropada puntuagarria. Ezustean diogu, hirugarren ziabogan egindako denbora Oriok lehen txandan ezarritakoa baino hamaika segundo kaxkarragoa zelako. Baina azken luzean, ordura arte oso indartsu ibili zen hego-haize zakarrak geldiune bat izan zuen, eta kantabriarrek hogei segundo sartu zizkieten gipuzkoarrei. Zumaiak ere bikain baliatu zuen egoera hori, eta bigarren postu bikaina eskuratu zuen Donostiako uretan.

Lehen txandan ez zuen aurkaririk izan Oriok eta, bezperan bezalaxe, erlojuaren aurka egin zuen arraun. Oso erritmo politean aritu ziren hasieratik bukaerara, eta azkenean, 20.15.22ko denbora ezarri zuen. Erreferentzia ona beste ontzientzat.

Bigarren txandan, Castrok eta Zumaiak lehia ikusgarria izan zuten. Etxaberen mutilak ia beti aurretik ibili arren, gipuzkoarrek bikain eusten zioten erritmoari, eta irudi ikusgarriak izan ziren txanda ia guztian. Bazirudien denborak ez zirela hain onak izango, baina azken luzean izandako haize aldaketari esker, lehen eta bigarren postuak lortu zituzten. Denboraldiko lehen bandera Castrorentzat, eta hamaika puntu oso baliotsu, gipuzkoarrentzat.

Hondarribia berpiztuta

Hirugarren eta azken txandan ere, Hondarribiak, Urdaibaik eta Zarautzek goi-mailako lehia parekatua izan zuten. Hirugarren ziabogara helduta Hondarribiak hiruzpalau segundoko aldea atera zuen, eta oso ongi eutsi zion alde horri helmugako balizetaraino. Hondarribiak eta Urdaibaik ere Castroren denbora hobetu zuten azken maniobra horretan, baina azken luzean haizearen aurka joan behar izan zuten, eta ezin garaipena lortu. Edozein modutan, hurrengo larunbatean lau ontzi euskaldun ikusi ahal izango ditugu ohorezko txandan nor baino nor: Orio, Urdaibai, Zarautz eta Hondarribia. Bikaina.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo