Pasaiako kanpo portua gaitzesteko ibilaldia egin dute 150 lagunek
«Gipuzkoako benetako proiektu estrategikoa Pasaia aldeko ingurumena, gizartea eta ekonomia erregeneratzea da, eta ez natura, baliabideak eta etorkizuna asfaltoaren azpian lurperatuko dituzten azpiegiturak eraikitzea». Horixe adierazi zuten atzo 150 bat herritarrek Jaizkibel mendian egin zuten zortzi orduko ibilaldian. Garraio korridoreak eta kanpo portuak eragina zein tokitan izanen luketen ikusi zuten bertatik bertara, itsaso eta zeru urdin-urdinarekin.
Maider IANTZI |
Goizeko hamar eta erdietarako 150 bat lagun bilduak ziren Lezoko Santa Cruz plazan, «kanpo portuak eta garraio korridoreak Gipuzkoa osoan eraginen lituzketen kalteak salatzeko». Gehiena gazte jendea zen, baina helduagoak ere animatu ziren. Batzuek Jaizkibel Bizirik taldearen banderak zabaldu zituzten; AHT Gelditu! Elkarlaneko kideak, berriz, informazioa ematen ari ziren. Ogitartekoak eta lamadari aurre egiteko edari freskagarriak bizkar-zorroan sartuta, egun osoko ibilaldia egiteko asmoz abiatu ziren mendira.
Jaizkibelgo tontorrera goititu ziren poliki-poliki, eta handik garraio korridoreak eragina zein tokitan izanen lukeen ikusi zuten: Gaintxurizketa gainean egiten ari diren obrak eta Lezoko landa eremu guztia. Baso ttipi batean aurkitu zuten bazkaltzeko itzala, eta gero itsaso aldera jautsi ziren. Geldialdi bat egin zuten bidean, argi ikusten baitzen bertatik kanpo kaia eraikiko luketen lekua. 18.00ak aldera bukatu zuten ibilaldia Pasai Donibanen, nekatu samar baina gustura. Kontent ziren antolatzaileak, Jaizkibel Bizirik, Mutriku Natur Taldea, Arnasa eta Altza XXI, koadrila polita elkartua zelako eta giro ederra zutelako. Gainera, zerua manta urdin argia zenez, bista zoragarriez gozatu zuten. Horrela errazagoa izan zuten naturaren balioak bertatik bertara erakustea eta agintariek egin asmo duten portuak nola suntsituko lituzkeen azaltzea.
Pasaiako Portuko Kanpoko Kaiaren Oinarrizko Proiektuaren eta Pasaiako Portu Inguruko Harrobien Azterketa Inbentarioaren berri eman zuten txangoan. Portu Agintaritzak eginak dira bi ikerketa horiek, eta itsaslabarrei erantsitako ereduari buruzkoak dira, eredu hori aukeratu baitzuten azkenean, portu-uhartea egitea edo Jaizkibelgo bertako materialak erabiltzea baztertuta. Dokumentu horietan ageri denez, Txoritokieta, Urnieta, Lastur eta Altzo aldetik eramanen lituzkete harrobiko materialak, 25 milioi metro kubiko guztira, Jaizkibelgo itsasertza betetzeko eta kanpo portua eraikitzeko.
Hondamen handia
Bertzalde, hormigoizko ia ehun kaxa erraldoi landu eta garraiatzeko erabili nahi dute Mutrikuko portua. Kaxa horiek 11 solairuko eraikin baten antzeko altuera edukiko lukete eta kai-muturrerako beharrezkoak izanen lirateke.
Mutrikuko, Urnietako, Altzako eta Jaizkibelgo talde ekologistek ohartarazi zutenez, material horiek alde batetik bertzera eramateak eragin itzela izanen luke harrobi inguruetan, eta izugarri handituko luke Gipuzkoako errepideetako zirkulazioa: kamioiek bi milioi bidaia baino gehiago egin beharko lituzkete eta horrek bide berriak eraikitzea justifikatuko luke.
Azkenik, obra absurdorik ez babesteko galdegin zioten Markel Olano ahaldun nagusiari, proiektuaren atzean «Gipuzkoan inoiz planteatu den ingurumenaren hondamen handiena baitago».
Talde ekologisten arabera, garraiobideen arazoa konpondu beharrean, Gipuzkoako errepideetako zirkulazioa izugarri handituko litzateke Pasaiako kanpo portua eraiki eta martxan jarriko balute.
Agintariek errealitatea ezkutatzen dutela salatu du Jaizkibel Bizirik taldeak. «Pasaia aldea erregeneratuko dutela diote, baina, praktikan, eskualde osoa suntsitzea ekarriko luke proiektuak», ohartarazi du plataformak.