San Fermin Torneoa
Xala eta Lasa nagusitu dira aspaldiko final gogorrenean
Soldata ongi merezita dute finalistek, ia 900 pilotakada eta ordu eta erditik gorako partida jokatu baitzuten
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Xala eta Lasa III.a dira 2007ko San Fermin Torneoko txapeldunak. Lekuineko aurrelariak eta Etxarriko atzelariak 22 eta 17 menderatu zituzten larunbat gauean Gonzalez eta Barriola aspaldian jokatu den final gogorrenean: partidak ordu eta erdi baino gehiago iraun zuen, eta ia 900 pilotakada jo zituzten lau protagonistek. Nekearen ondorioz, huts dezente izan zituen norgehiagokak azken txanpan, eta Xalak erabaki zuen finala bere bihurrikeriekin.
Lekuindarra oso fresko aritu da torneoan, eta larunbatean ere pilotakada ederrak jo zituen sotamanoz; aurrean ere tanto ederrak amaitu zituen, bi sakez eta bederatzi jokoan. Egia da pilota dezente galdu zituela azkenerako, bederatzi, baina kontuan izan behar da oso urrutitik sartu behar izan zuela askotan.
Oskar Lasak ere aipamen berezia merezi du. Nafarra oso motibatuta iritsi da San Fermin Torneora, eta 35 urterekin finaleko beteranoena izan arren, mailari bikain eutsi zion partidak horrenbeste iraun arren. Gainera, ikuskizuna ere eman zuen; 6-6koan zabalean egindako dejada ederrarekin, esaterako.
Gonzalezek eta Barriolak, aldiz, ez zuten espero zen guztia erakutsi. Ligaxkako bi partidetan ikusgarri aritu eta gero, finalean ez zuten mailarik onena eman, batez ere, Gonzalezek.
Nahiz eta hautsi ez, Barriolak pilotakada ederrak jo zituen; pilota asko kendu zion Xalari, eta burugogor segitu zuen lanean amaiera arte. Sebastienek, ordea, konfiantzarik gabe jokatu zuen. Aurreneko bi jokaldietan huts egiteak zalantzak sortu zizkion azkaindarrari, eta hortik aurrera lekuz kanpo aritu zen. Pena da Abelek laugarren finalean ere txapela jantzi ezin izana.
Denbora oso gutxian lau finaletara iritsi da Abel Barriola, baina denek ihes egin diote oraingoz. Larunbatean ere oso txukun jokatu zuen Leitzakoak, baina Gonzalezek ez zuen bere maila onena eman.