AUSTRIA
Bazkari borobila, hasi eta buka
Gaizka LASA
(Karpin-Galicia)
Ase ginen aspaldiko partez atzo. Hasi eta bukatu, lasterketa ikusgarriaz gozatu ahal izan genuen. Bazkari on batetik ase eta pozik irteten garenean bezela bukatu genuen. Bazkariak, bestalde, borobila izateko, lehenengo plateretik hasi eta postrearekin bukatu arte dena bere puntuan izan behar du. Eta janariarekin edaten dugunak ere produktu aparta behar du. Mendiko benetako lehen etapak hori guztia izan zuen. Sarreretara iritsi ginenok lehenengo ordu frenetikoa ikusi genuen. Etengabeko erasoak. Borroka ikaragarria. Mugimendu pila, eta kasu batzuetan txirrindulari garrantzitsuen parte-hartzearekin. Zenbait momentutan 30 edo 40 gizoneko ihesaldiak egin ziren. Lehenengo platerari dagokionez, lehia polita goi mailako ihesaldiaren eta tropelaren artean. Rasmussenen erakustaldiarekin bigarren platera errepikatu ere egin genuen. Eta postrean, ohikoa denez, gozoena. Tourra irabazteko faboritoen arteko mugimenduak. Moreauk puskatu zuen dastatzeko hainbeste gogo genuen tartaren lehen zatia. Mayok ere puska ederra hartu zuen jarraian, eta hortik aurrera festa etorri zen. Pinganilloak kendu zion agian distira pixka bat hain postre atseginari. Baina, hala ere, hurrengorako osagai nahiko badaudela ikusi genuen, eta berriz ere laster gozatua hartuko dugun itxaropena jaso genuen. Eta honi guztiari laguntzeko edari onena: emozioa. Aspaldiko partez lasterketa irekia zegoela sentitu genuen. Ez zen orain arte hain protagonista azaldu zitzaigun nagusitasunik ikusi, ez talde batena, ezta txirrindulari batena ere. Indartsuena uste genuena atzean gelditzen. Espero ez genuena erasoka. Denak ere parekotasun handia erakutsiz. Eta edari apardunek eskatzen duten bizipoza bukatzeko hortxe ikusi genituen gertukoenak maila bikaina ematen. Esan bezala, ase ederra.