GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Amateur

Nievek urrunetik jo du eta garaipena lortu du Elgetan

Caja Rural taldekoa Mendiko Criteriumean nagusitu zen Pujolen aurretik

Unai IRARAGORRI | BILBO

Hurrengo urtean jauzia emango du tropel profesionalera, eta Orbean arituko da Mikel Nieve nafarra. Atzo, horren zergatiak azaldu zituen Elgetako Mendiko Criteriumean, garaipen ederra erdietsi baitzuen Caja Rural taldekoak. Alde nabarmenak atera zituen helmugan.

Euskaldun Txapelketaren lasterketak 120 kilometro zituen guztira, eta bi aldiz igo zuten Asentzio txirrindulariek; helmuga Elgetan zen. Hasieratik, hamaika ihesaldi egon zen. Asentziora aurreneko aldiz igotzen ari zirela talde batek alde egin zuen; bigarrenean, berriz, Nievek eta Azpiruko Gonzalezek alde egin zuten, eta Caja Ruralekoa bakarrik geratu zen. Oso indartsu, nafarrak azken 30 kilometroak egin zituen buruan.

Hortaz, irabazle helmugaratu zen, eta denboraldiko 3. garaipena eskuratu zuen. Aurten, Espainiako Kopako Balentziagan eta Llobregaten nagusitu da, eta Bizkaiko Biran 6. sailkatu zen. Horregatik, Euskaltel-Euskadik Nieve nahi du eta datorren urtean Orbean lehiatuko da.

Bestetik, asteburuan bi itzuli jokatu dituzte, Kantabriakoa eta Avilakoa. Lehendabizikoan, txirrindulari euskaldunak protagonista izan dira; izan ere, Saez de Arregi (Caja Rural) eta Santamarta (Seguros Bilbao) bigarren eta hirugarren sailkatu dira nagusian, eta Jose Mª Hernandezek (Oviedo) irabazi du lasterketa. Atzoko etapa Cobok (Heros) eraman zuen Palaciosen (Seguros Bilbao) aurretik.

Avilan, berriz, Marcos Garcia (Supermercados Froiz) gailendu zen sailkapen nagusian, eta Baque taldeko Salasek 21. amaitu zuen lasterketa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo