GARA > Idatzia > Txirrindularitza

ETAPA EUSKAL LURRETAN

EEPrentzat «ez da beharrezkoa» euskararen presentzia bermatzea

A.M.| BAIONA

Uztailaren 25eko etapa Euskal Herritik pasako da eta Erronkari eta Zuberoko hainbat herri zeharkatuko ditu. Behatokiak, Euskal Konfederazioak eta Kebenko elkarteak, bozgorailuko mezuetan zein bide seinaleetan euskararen presentzia bermatzeko eskatu die herri horietako udalei, elkargoei eta hizkuntz politikaz arduratzen diren instituzioei, zein Tourraren antolatzaileei.

Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) ere interpelatu dute Tourraren antolatzaileei eskaera bera egin diezaien. Alta, emaitza «gazi-gozoa» izan da Paul Bilbaoren esanetan.

Herri batzuek onartu badute ere, esaterako, Erronkari Ibaxako Batzar Nagusiak edo Zuberoko hainbat herriko etxek, EEPk adierazi du «ez duela merezi ezer berezirik egitea».

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan hizkuntz politikaz arduratzen den erakunde ofizialarentzat, «etapa Euskal Herrian hasten edo bukatzen ez denez, ez da beharrezkoa euskararen inguruko eskakizunik egitea».

Tourraren antolatzaileek, berriz, erantzunik ere ez diete eman.

Presentzia behatu

Hala eta guztiz ere, Behatokiak euskararen presentzia behatuko du etapa horretan eskaerak bete diren aztertzeko. «Mundu mailan horrenbesteko isla duen itzulian eta, are gehiago, euskara bi lurralde horietako berezko hizkuntza izanda, ezin baita ezkutatu» gaineratu du Bilbaok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo