GARA > Idatzia > Euskal Herria

Malen jaiek irriz eta algaraz bustiko dute Mutriku gaurdanik

Kirioak dantzan dira kostaldean. Fanfarreak, musika kontzertuak, danborrada, pailazoak... Malen jaiak hastera doaz! Baina dena ez da festa eta algara; aldarrikapenek ere txokoa aurkitu baitute Mutrikuko egitarau alternatiboan. Gaurtik hasi eta asteazkenera bitarte, Mutrikuko kale aldapatsuak jendez lepo egonen dira, baina esaera zaharrak dioen bezala, gogoko tokian aldaparik ez. Hala izan bedi!

84944469.jpg

GARA |

Egun gogorrak datozkie mutrikuarrei, baina esaera zaharrak esaten duen bezala, gogoko tokian, aldaparik ez. Gaurtik hasi eta datorren asteazkenera bitartean, Mutrikuko kale aldapatsuak jendez bete-bete eginda egonen dira. Jai-gosea asetzeko modua topatuko dute hor nonbait.

Gaur Malen bezpera izanik, giro ederraz dastatzeko parada egongo da itsasertzeko herrixka horretan. Etxeko txikiak izan ditu gogoan Udalak, eta eurentzat erraldoi eta buruhandiak antolatu ditu arratsalderako.

Eguneko hitzordu handia, ordea, 23.00tan izango da. Ordu horretan, danbor hotsek Mutrikuko kaleak zipriztinduko dituzte, eta bat edo beste saltoka jarriko dute.

Herriko gazteek, ostera, ez dute eskuak gurutzatuta eta zerura begira gelditzeko asmorik, eta autogestioaz baliatuz euren eguna antolatu dute; Gazte Eguna, hain zuzen ere. 12.00etan ekingo diote gazteek jaiari, gaztetxean bilduko baitira fanfarre-poteoa egiteko asmoz. Eguerdi-partean, Egañeko pilotalekuan bapo jateko beta hartu eta jolasak egingo dituzte.

Jaiak amorruz espero dituzten horiek lasai egon daitezke, goizalderako festa antolatuta baitago. Izan ere, iluntzean, Galerna eta The West Band taldeen eskutik kontzertuak izango baitira gaztetxean. Bertan, jaiei hasiera emateko ohikoa den txupinazoa jaurtiko dute.

Biharkoa da mutrikuarren egun handia, Malen Eguna, eta egitarau oparoa prest dute egun horretarako. Herri kirolak, musika kontzertuak eta su-festak izango dituzte bihar kostaldeko herri horretan.

Baina jaiak ez dira egun handia eginda amaituko; gainerakoan ere, jaiak oparoak izango dira. Astelehenean, esate baterako, txikien algara eta irriek bustiko dute Mutriku. Goiztiarrenek 11.00etarako prest izango dute haur parkea. Erraldoi eta buruhandiak ere han barrena ibiliko dira, eta korrikaldi ugari eginaraziko diete. Arratsaldean ere makina bat ekitaldi prest izango dute, eta umeek amets goxoak izan ditzaten, egunari agur esateko Kiki, Koko, eta Moko pailazoen ikuskizuna izango dute 22.00etan.

Asteartean, koadrilen txanda iritsiko da; jai-giroan eta lagun artean eguna igarotzeko primerako aukera. Gainera, aurtengo jaietako berritasun nagusiaz gozatzeko beta izango dute Mutrikuko kuadrilek, goizeko hamaiketatik aurrera, antzara jokoa izango baita.

Eguerdi-partean, herriko koadrilek zartaginarekin nola moldatzen diren erakusteko astia hartuko dute, tortilla lehiaketa baitago. Lagunarteko bazkari oparoaren ostean, belarrien saminarekin erne ibili beharko da, 22.30ean, Play Back izanen baita Txurruka plazan. Baietz kirrinka batek edo bestek ihes egin!

Baina egun horietan dena ez da festa eta algara izango. Euskal Herrian ohikoa den «jaia bai borroka ere bai» leloak isla izango du Mutrikun, aldarrikapenek lekua topatu baitute bertako jaietan. Gainera, MUGA gazte asanblada, Askatasuna, Segi, MRK eta Tranpan-gora tabernari elkarteen lanari esker, aurten ere jai egitarau alternatiboaz gozatzeko beta izanen dute mutrikuarrek.

antzara

Aurtengo Malenetako berritasun nagusia Kuadrilen egunean izango da, asteartean hain zuzen ere. Goizeko 11.00tatik aurrera bertako kuadrilek antzara jokoaz gozatzeko beta izanen dute moilan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo