GARA > Idatzia > Arrauna

San Miguel Liga

Lidergoa eta biharko txandak daude jokoan Pasaian egingo den lehen erlojupekoan

Orio, Urdaibai, Zarautz eta Hondarribia irtengo dira hirugarren txandan

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Gaur arratsaldean jokatuko da Pasai San Pedron (18.30, ETB-1) San Miguel Ligako bosgarren estropada puntuagarria. Lehiaketako lehen erlojupekoa izango da eta ontziek sailkapenaren arabera hartuko dute irteera. Horrebestez, gaurko probaren ondorengo sailkapen nagusia oso garrantzitsua izango da bihar Plentzian jokatuko den estropadan txandak osatzeko.

Ontziek launaka hartuko dute irteera minutu bateko aldearekin eta hiru ziaboga egin beharko dituzte hiru miliako ibilbidea osatzeko. Aurrena Cabo, Arkote, Pedreña eta Mecos arituko dira. Ondoren, San Pedro, Zumaia, Laredo eta Castro irtengo dira. Eta azkenik, Hondarribia, Zarautz, Urdaibai eta Orioren txanda izango da.

Lehia ikaragarri ederra espero da sailkapeneko lehen postuetan dauden traineruen artean. Batetik, Oriok eta Urdaibaik lidergoa izango dute berriz ere jokoan, 43 eta 42 puntu baitituzte, hurrenez hurren. Kontuan izan behar da, bestetik, Laredo, Castro eta Hondarribiaren artean bi puntu baino ez daudela sailkapen nagusian eta bihar ohorezko txandan egon ahal izateko postu bakarra dagoela jokoan -Zarautzek huts handiren bat egiten ez badu, behintzat-.

Atzetik ere, lehia bizia egongo da Mecosen, San Pedroren eta Zumaiaren artean, Plentzian lehen txandan aritu behar ez izateko. Sanpedrotarrek denboraldi hasiera bikaina egin dute eta etxean ere maila ona eman nahiko dute gaurko estropadan. Hiru talde horien artean ere bi puntuko aldea baino ez dago.

iaz ezustekoa

Pasai Donibanek iaz eremu berean antolatu zuen erlojupekoan Urdaibaik ezustekoa eman zuen. Lehen txandan arraun eginda, garaipen bikaina eskuratu zuen Bermeoko ontziak (19.50.80) Hondarribiaren eta Pedreñaren aurretik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo