GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Sega Euskal Herrikoa

Lau kirolari lehiatuko dira txapel preziatua lortu nahian

Bihar, 12.00etatik aurrera jokatuko dute finala Oiartzunen, Pikoketan, eta han izango dira Gabirondo, Goikoetxea, Ormaetxea eta Lapazaran

p053_f02.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Urteko egunik garrantzitsuena izango da bihar sega munduarentzat, izan ere Euskal Herriko finala jokatuko dute Oiartzunen, Pikoketako belardietan, eta hantxe neurtuko dira finalera sartzea lortu duten lau segalariak. Saioa 12.00etan hasiko da.

Honako lau segalari hauek izango dira txapelaren lehian: Lapazaran, Gabirondo, Goikoetxea eta Ormaetxea. Segalari bakoitzak ordubete izango du lanean aritzeko, eta amaieran belar kilorik gehien mozten duen segalariak eramango du txapela. Aurreko saioetan bezalaxe, hemen ere txukuntasuna ere neurtuko da, eta narras mozten ari baldin badira, zigorrak ere jasoko dituzte.

Andoni Goikotxea da egungo txapelduna, eta ahaleginduko da aurten ere txapela jantzita amaitzen. Behetik gora egiten duen segalaria da, eta ordubeteko lana oso ongi doakio berari, agian orduerdikoa baino hobeto. Denboraldi hasieran baino hobeto dabil orain, eta oso gertutik jarraitu beharko da bere lana.

Joxe Gabirondo ere indarrez gainezka dator, eta agian beste inork baino presio gutxiago eramango du belardira, beste inork baino gehiago irabazi baitu aurten. Jadanik Gipuzkoako txapela jantzi du, baita nazioarteko erakoa ere. Horrek nolabaiteko lasaitasuna ematen dio, baina bihar ere saiatuko da hirugarrena lortzen. Eskarmentu handia dauka, eta teknika ere bai. Oso une onean heltzen da finalera.

Jon Lapazaranek ere txapela jantzi berria du, pasa den larunbatean irabazi baitzuen Bizkaikoa. Bere asmoa, ordea, Euskal Herrikoa irabaztea da, eta asmo horrekin joango da bihar Pikoketara. Oso kirolari saiatua da, eta lan ona egingo duenik inork ez du zalantzan jartzen.

Jexuxmari Ormaetxea zen faboritoa denboraldi hasieran, eta lehen saioetan ere dena irabazi zuen. Azkeneko bi saioetan, ordea, apur bat behera egin du. Apirilean aizkora apustua izan zuen, eta hura prestatzeko oso goiz hasi zen. Berak esaten duen moduan, agian guztiaren eragina orain arituko da jasotzen. Berak ere, ordea, ez du eskarmentu faltarik, eta oso kontuan hartu beharko da.

Bestetik, denek argi eta garbi esan dute, finala inoiz izan den estuena izango dela, hori da, behintzat, hasi aurretik ematen duena. Horrez gain, belarra ere handia egongo da, eta han ongi moldatzeak garrantzi handia izango du. Teknika eta indarra ongi uztartzen dituenak, asko izango du aldeko.

Bestetik, zaleei ere Pikoketara joateko dei berezia egin behar zaie. Orain arteko saioetan nahiko jende gutxi izan da, baina finalak merezi du zaleen babesa, goi mailako lau kirolari eta goi mailako sega-proba ikusteko parada izango baita bihar eguerdian Pikoketan.

Iazkoa

Iazko finalarekin alderatuta, oso aldaketa gutxi izango da biharko finalean, izan ere lau segalaritatik hiru berdinak dira. Aurten berria Ormaetxea izango da, eta Orendaingoak Aranalderen lekukoa hartuko du

Gipuzkoarrak

Azken urteetan bezalaxe, gipuzkoarrak izango dira nagusi bihar Pikoketan jokatuko den finalean, Lapazaran ez beste guztiak herrialde horretakoak baitira. Bizkaitarra ahaleginduko da beste hirurak menderatzen

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo