Legea mugarri dela aldarrikatzen dutenek herritarren hitza errespetatzen ez dutenean
Maiatzaren 27ko hauteskundeek sorturiko egoera ez demokratikoa gainditzeko bidean pauso batzuk eman badira ere, udaletxe askotan berei ez dagozkien aulkiak betetzen dituzte hainbat alkatek eta zinegotzik. Ezaguna denez, PSOE eta PP alde batera utzita, gainerako alderdientzat guztiz salagarria da Alderdien Legea. Izan ere, EAJ, EA edo EB adibidez, lege horrekin bat etorri ez arren, arau antidemokratiko hori bultzatu zutenen bidetik abiatu dira. Argudio gisa, gustatu ala ez, legea bete behar dela esan dute. Legea, justiziaren printzipioarekin talka egin arren, bete behar dela onartuta ere, dirudienez, aipaturiko alderdiek zailtasun nabarmenak dituzte herritarren borondatea erakundeetan islatzeko. Gabezia horren azken adibidea Zarautzen dugu. Kargua hartu eta hilabetera, Maite Etxaniz (EA) alkateak Foru Aldundira joatea erabaki du. Bere ordezkoak, Jon Urienek, bost boz soilik jaso zituen atzo, udalbatza osatzen duten gainerako 14 zinegotziek zuri bozkatu ondoren. Urienek eskua zabaldu zien talde guztiei. Hala ere, zilegitasuna irabazi nahiko balu, hobe luke neurriak hartzea ezker abertzaleak lortu zituen 4 zinegotzien parte-hartzea bermatzeko.