GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Ekai Txapartegi Filosofian doktorea

Zezenak eta euskaldunak

Zezenak Espainian bapo bizi dira. Ikusi besterik ez dago zein indartsu sartzen diren zezen-plazara. Eta euskaldunak ere, antzeko, esan liteke bizi zezenen moduan bizi garela, oro har eta konparazioz, jakina, baina maila ederrean. Horregatik, euskaldun izatearen arazoa, zezen izatearena bezala, ez da nola bizi garen, baizik eta zer egin diezaguketen.

Gure arazo nagusia menpekotasuna da, menpekotasun nazionala. Beste batzuk erabaki ditzaketela guri buruzkoak, hala nahi badute. Horregatik, zezena bizkarretik odolez blai hondarretara erortzen denean, normala da euskaldunak oraindik mendietan diren zezenetaz akordatzea: «horrela bukatuko dutela jakingo balute... zer egingo lukete? Jasotzen duten fereka bakoitzak helburu zitala duela jakingo balute... zer egingo lukete orduan?». Tamalez, euskaldunok ere zezenen moduan jokatzen jarraitzen baitugu, harroxko, zer garen jakingo ez bagenu bezala.

Lizarra-Garazi da bidea. Edo antzeko zerbait, fetitxerik ere ez baitugu behar. Abertzaleon arteko adostasuna bilatu behar dugu, nazioarteko abal demokratikoa duena, eta horretan bat egin, ekintza armaturik gabe, guztion artean, menpekotasun nazionala gainditzeko. Ordea, eta hau da arazoa, egungo EAJko buruzagiekin ezin bada Lizarra-Garaziko eredua berregin, zein aukera geratzen zaizkio ezker abertzaleari? Sendo jarraitu nahi badu, behintzat, bi aukera baino ez lituzke: borroka armatua luzatu edo burujabetasunaren auzia albo batera utzi eta epe ertainera autonomia gobernatzea bilatu. Euskal Herriaren kalterako da ezker abertzaleak bi aukera horiek baino ez izatea, borroka armatuan jarraitu (PPren garaipena litzatekeena) edo autonomismoa kudeatzera pasa (PSOEren garaipena).

Horregatik, Imazek hartzen dituen erabakiek garrantzi itzela dute. Ezker abertzaleari zein aukera politiko uzten dizkion aintzat hartu gabe jarraitzen badu, kaltea biderkatzeko arriskua duelako, unionisten mesederako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo