GARA > Idatzia > Txokotik

Floren Aoiz Idazlea

Nafar politikagintzaren lohia

Harro nago maiatzaren 27ko hauteskunde zikinetatik atera zen Nafarroako Parlamentu patetikoan inork ez duelako erabili ene boza boterea banatzeko lehian lohitzeko.

Batzuek esaten dute Nafarroan gertatzen ari dena ustekabea izan dela, baina nire ustez ikusten ari garena sakoneko usteltze prozesu baten adierazpena da. Oroitu beharko genuke Foru Hobekuntza inposatu ondotik izugarrizko tentsioak gertatu zirela gobernua osatzeko. Geroztik UPN eta PSNren artean banatu dute boterea, baina beti elkarrekin Navarra foral y españolaren defentsan. Otanoren garaia izan zen salbuespena, baina eskuinak Gobernua erorrarazi zuen. Esanguratsuki, erreforma aurrera eramateko gidoia zalantzan jarri duen orok arazoak izan ditu, baita larrutik ordaindu ere. Allik ikasi zuen, eta jipoitutako zakurarren moduan mantso eta damuturik itzuli zen etxera. Lizarbek ere ikasi zuen eskuinarekin lehiatzea arriskutsua dela, eskuinak berak badituelako aukerak PSNren barnea astindu eta oldartzeko. Urralburu eta bere lagunak ustelak ziren herriaren dirua lapurtu zutelako. Baina hori egiteaz gain, politikoki usteldu ziren. Poltsikoak betetzeko aukera eskuinari egindako mesedearen ordaina izan zen, eta eskuinak behar ez zituelarik oinkada eman eta bildutako datuak argitaratu zituen, PSN ahultzeko. Ikusgarria izan zen nola maneiatu ziren Otanori buruzko informazioak, eta nola lehertu ziren Organo comun permanente zelakoaren proposamena baztertzeko gonbita egin ondotik.

Honelakoa da Nafarroako politikagintza. Saltsa horretan egosten ari da Nafarroa Bai, eta orain haserre daude, baina beraiek ez zuten deus ere esan ezker abertzalea Foru Parlamenturako hauteskundeetatik kanpo gelditu zelarik. Boz gehiago lortzeko parada profitatu zuten, lotsarik gabe. Berek ez dute eskatu Nafarroako politikagintza lohitzen duen foru hobekuntza gainditzeko urratsik ematea. Aukera izan dute, PSN eta IUrekin negoziatzen aritu direlako, baina poltronak izan dira beren helburuak. Ontzat eman dute sistema hau eta ez dute inolako konpromezurik exijitu egoera honi bukaera emateko.

Noizko hauteskunde libreak?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo