GARA > Idatzia > Jo puntua

Sonia Gonzalez Idazlea

Ondare altxorrak eta altxor pertsonalak

Praileaitz kobazuloa kultura ondare kalifikatu izendatu dute, monumentu kategoriarekin. Izen polit, borobil eta luzea, baina inor engainatzea lortu ez duena. Lakuako exekutiboa horrela ahalegindu da bere burua zuritzen jende aurrean, berriro ere gutxi batzuen interes ekonomikoen alde egiteko, denon interes kultural eta historikoa zapalduta.

Praileaitzen dauden aztarnak duela 18.000 urtekoak ei dira eta bertan deskubritu diren marrazkiak Ekainekoak edo Santimamiñekoak baino antzinagokoak. Baina kobazulo hori ez da paraje horretan dagoen, edo hobeto esanda, zegoen aztarna paleolitikoz betetako leku bakarra, paraje osoa zen altxor handia. Batek daki harrobiak zer eraman duen, batek daki non amaituko duten, zein aparkaleku, etxe edota bestelako eraikinetan amaituko duten nahasturik gure arbasoen marrazkiek, bitxiek edo dekoratutako harriek. 18.000 urte iraun zuen ondare horrek, euria, haizea eta eguzkia, harik eta PNV eta bere lagunekin topo egin arte. Ondare hori denona da, guztiona. Debako mugak gainditzen ditu, baita Euskal Herrikoak ere eta, zelan ez, hainbeste maite duten Espainiakoak ere bai. Nor da ba jendilaje hori Historiaren orrialdeak dinamitatzeko?

Praileaitzena ez da oraingo kontua. Aspaldi egon behar zuen harrobi horrek geldirik. Baina, antza, ez dute nahikoa izan momentura arte egin duten sarraskiarekin. Orain apenas ezerezean uzteko asmo osoa agertu dute. Eurak ere legez behartuta ez baleude, beharbada 50 metro horiek ere ez lituzkete errespetatuko. Diru asko da hori guztia harrobia esplotatzen duen enpresarentzat.

Eta zein da enpresa hori? Amenabar taldea, hain zuzen ere, herri honetan nahiko ezaguna dugun enpresa talde handia: Construcciones Amenabar da talde horren jatorrizko enpresa. Duela urtebete gutxi gorabehera zortzi enpresetako taldea osatu eta enpresario zein instituzioetako ordezkarien aurrean aurkeztu zuten. Taldean eraikuntza sekto- reko -eta beste batzuetako- enpresak daude bilduta. Horien artean Zeleta enpresa ere, Praileaitzen ingurumen eraginaren ebaluazioa egin duen enpresa bera. Hau da, Lakuako exekutiboak tekniko espezializatuek ikerketa egin dutela esaten duenean, esan gura duena da harrobiaren esplotazioaz arduratzen den enpresak berak egin duela ikerketa.

Amenabar enpresak egiten dituen eraikuntza obra gehienak Eusko Jaurlaritzak eta Diputazioek emandakoak dira, aparkalekuren bat Donostiko Udalak enkargatuta, BECeko obretan ere hartu du parte eta, beno, imajina dezakezue, ezta?

Hona hemen «suposizio» batzuk, prentsan ere agertu direnak: Gipuzkoako Foru Ogasuneko zuzendari Victor Bravo, antza, nahiko lagun handia ei da Luis Amenabarrena. Hala, duela urte batzuk lursailen permuta batzuk egin zituzten. Amenabarrek Tolosako lokal komertzial bi (294 eta 41 metro koadrokoak) eman Foru Ogasunaren lokalak egiteko eta, trukean, Donostian etxeak egiteko 20.000 m2 lortu zituen. Begi bistakoa da permuta hori ez dela oso orekatua. Eta gerora permutatutako lurzoru horietan bertan Bravok Amenabarri 1.200 metro karratuko finka bat erosi ei zion 37 milioi pezetan (!!!). Beste kasu bat: 1998an Aldundiak Eibarreko Alfa enpresaren hainbat eraikin hartu zituen, zerga zorrak kitatzeko. Eraikinek 4,8 milioi euro balio zuten, baina Inmogroup enpresak 800.000 eurotan erosi ei zituen. Inmogroup, handik gutxira, Amenabar taldearen parte izatera pasatu zen.

Eta zenbat kontu egongo dira ezagutzen ez direnak? Gauza argi bakarra da honi hatsa dariola leku guztietatik. Zelan espero genezake PNVrentzat Praileaitzeko altxorrak gehiago izatea euren altxor partikularrak baino? Jakina, fiskal eta epaile «izarrak» beste zeregin batzuetarako daude eta ez konstruktore eta alderdiaren hautsak ikertzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo