GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Asier Altuna Ezker abertzaleko kidea

Boikota Coca-Colari

Coca-Colak «la chispa de la vida» leloa zabaldu zuen, baina bere praktika oso bestelakoa da, hain zuzen ere, bizitza duinaren aurkakoa

Egunero, munduko albistegi tragikoekin jaikitzen gara: Afganistan, Irak, Palestina, Yemen... Gure haserrea pizten dute, batzuetan inpotentzia ere sentitzen dugu. Hala ere, munduan bestelako kontuak gertatzen dira: sindikalisten aurkako jazarpena, ur iturrien pribatizazioa, indigenen lurren erosketa eta suntsiketa, naturaren kutsadura... Normalean horiek ere ondorio tragikoak izaten dituzte, baina oharkabean pasatzen dira.

Inperialismoaren esku-sartzea munduko edozein herrian etengabea da. Herrien burujabetzaren aurkako eraso politiko, ekonomiko eta militarrak antolatzen ditu inperialismoak egunero.

Beste batzuk ezkutuagoak dira. Askatasun ekonomikoaren izenean, multinazionalak iristen dira eta nahi dutena egiten dute, herri zapaldu eta kolonizatuen egitura instituzional ahulak baliatuz; bertako gobernuko ordezkariak erosten dituzte eta, ondoren, nahi duten moduan aritzen dira, bertako langileak esplotatuta eta natur baliabideak suntsituta. Isilpeko esku-sartze horiek indar eraldatzaileen suntsiketa ere dute helburu.

Horretan aritzen den multinazional bat Coca-Cola da, lau haizeetara «la chispa de la vida» leloa zabaldu duena. Hala ere, Coca-Colaren praktika oso bestelakoa da, hain zuzen, bizitza duinaren aurkakoa: sindikalisten aurkako jazarpena, Kolonbian 8 sindikalista hil dituzte azken 12 urteetan; denda txikiak mehatxatu ditu Mexikon; lurra eta ura kutsatu Indian... zerrenda amaigabea da. Egoera horien aurrean, herri horietako hainbat mugimendu politiko, eragile sozial eta sindikatuk Coca-Cola-ren aurkako boikota antolatu dute.

Euskal Herrian ekimen bat martxan jarri da nazioarteko boikot kanpaina horren deialdia jarraituta. Asko dira arrazoiak kanpainarekin bat egiteko, baina nik bi azpimarratuko nituzke. Lehena, Euskal Herrian independentzia eta sozialismoa eraikitzeko, ezinbestean internazio- nalismoa kontuan eduki behar dugu. Brechten poemak dioen moduan, edozein bidegabekeria propio bezala ikustea eta horren arabera aritzea, etekinen kalkulua alboratuta gure jardueran presente izan behar dugun filosofia da. Munduan pertsona askok horrela ulertzen du internazionalismoa, baita Euskal Herriarekiko ere eta gure askapen borrokari euren elkartasuna eskaintzen diote hainbat modutan.

Coca-Cola multinazionalak duen jarduera oso larria izateaz gain, gaur egungo inperialismoaren sinbolo nagusietariko bat bilakatu da. Coca-Colak erabaki zuen edozein inbasiotan soldadu, munizio eta armekin batera Coca-Cola iristea, gutxienez soldatuak edateko aukera izan dezaten. Etekinak garrantzitsuak dira, baina babesten dutenak ondo hornitzea garrantzitsuagoa.

Bigarren arrazoia. Internazionalismoa ere bada esplotazioa eta zapalkuntzaren aurka borrokatzen dutenen arteko elkar laguntza. Esplotaziorik gabeko mundu librea eraiki nahi dugunok etsai berbera dugu, kapitala; eta guztion arteko elkar laguntzak beste herrien askapen eta eraldaketa borrokak zabaltzeko balio du.

Horregatik, munduko beste borrokalariek zabaldutako Coca-Colari boikota egiteko deiari ezker abertzaletik ezin diogu muzin egin, gure borroka ere baita, Euskal Herria libre eta justuaren eraikuntza baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo