Jokin Azkue Arrastoa Herri administrazioetan hizkuntza normalizatzeko zuzendaria
Kontseilua gezurretan: hori bai kolapsoa
Nortzuk zarete «polizia» lana egiten ibiltzeko? Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren fiskalizazio eta kontrol lana egitea Legebiltzarrari dagokio, eta egindakoari nota jartzea herritarrei dagokie
Kolapsoa, iragarritako porrot baten kronika... oporrak hartu aurreko purrustadak pelikula izenekin. Pelikulako gaiztoa: Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza. Heroiak: Kontseilukoak, «egiaren» polizia, fiskal eta epaile bihurtuak. Sikieran euskararen normalizazioa horrelako aho berokeriak esanda gauzatuko balitz...
Egia da urte hauetan aurrera egin dugula, eta ez guk nahi beste; hala ere, orain 25 urteko Administrazioak eta oraingoak ez dute zerikusirik. Hori edozeinek daki: Behatokiak espedienteak egiteko arrazoiak aurkituko ditu, hemendik 10 urtera ere bai; baina, gaur egun esan daiteke hizkuntza eskubideak, oro har, bermatzeko bidean direla.
III. Plangintzaldiaren balorazio txostenaren aurrerapena hartu duzue hizpide, Legebiltzarreko hezkuntza eta kultura batzordean egindako aurkezpena, baina ez duzue esan talde guztiek positiboki baloratu zutela txosten hori, alderdi popularrak eta ezker abertzaleak barne. Pozik ikusi zuten Legebiltzarreko batzorde horretan (denek!) langileak euskalduntzen jarraitzeaz gain, behingoz, erabilerara jauzi egiteko baliabideak martxan jartzen ari garela; eta pozik ikusi zuten Eusko Jaurlaritzako ia sail guztietan eta bere erakunde autonomoetan erabilera planak ezartzeko puntuan gaudela. Eta ez hori bakarrik; ahaztu egin zaizue komentatzea detaile txiki hau ere: talde guztiek luzatu digute eskua laguntasuna eskaintzeko eta oztopoak saihesten joateko, euskararen normalizazioak denok behar baikaitu.
Egia: erakundeen erdiek dute martxan erabilera plana; baina, lastima, ahaztu egin zaizue esatea beste zenbaitek definitu gabe duela, dagoeneko euskaraz jarduten duelako; edota erakunde askotan plan zehatzik definituta izan ez arren, ekintza asko egiten direla euskara sustatzeko.
Egia: politikoen erdiek aitortzen dute euskara gaitasuna. Gutxi? Gizartean, erdiek egiten al dute, bada, euskaraz?
Egia: Administrazioko langile gehienak 45 urtetik gorakoak izango dira. Horrek ez du esan nahi Jaurlaritzaren ustez 45 urtetik gorako langile hori ezgauza denik ikasteko. Esatea ere! Benetan salbuetsiak adinagatik, eta herri administrazioak kontuan hartuta, %6 baino ez dira. Ez da inola ere egia Administrazioko langileen %80 salbuetsita dagoela. Gainera, salbuetsita egonik ere, langile horri eskainiko zaio erabilera planen barruan sartzea. Eta ez hori bakarrik: erabilera planek ekintza asko bideratuko dituzte, salbuetsiak kontuan hartu eta hizkuntza landu dezaten.
Egia: «Administrazioak hizkuntza eskubideak errespetatu egin behar ditu, euskaldunon kopurua edozein izanik ere eta horretarako lanpostu guztiek izan beharko lukete dagoeneko derrigortasun data; bitartean, hizkuntza eskubideen urraketen erantzuleak dira». Ados. Eta Admi- nistrazioa hori egiten saiatzen da. Benetan uste duzue euskara erabiltzea ekarriko duela soil-soilik lanpostu guztietan derrigortasun data ezartzeak? Ez al da ba gauza bera gertatzen gizartean? Dakien orok erabiltzen al du?
Gezurra: «Bitartean, beti bezala, erantzule bat behar denez herritarrari eta langileari egurra, zergatik eta, ez duelako erabiltzen». Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak egurra? Ez duzue esaten ba arinaiztarrak garela: mooooteeeelegi goazela? Zaplastekoak banatzen bat bakarra ikusi dugu guk: Kontseilua; eta nahiz eta makila-salda guztia gure bizkarrera bideratu nahi izan, zaila da Jaurlaritza osoko langileei zahar-ezjakin-tzaltze intelektualgai deitu ondoren, inguruak kakaztu gabe uztea, ezta?
Erabiltzen dugun bidea ere ez duzue gustuko: eperik gabe eta «arian-arian» bete omen ditugu hizkuntzarekin lotura duten mota guztietako testu juridikoak. Barregarria. Nola egin behar da, ba, aitzina hizkuntza kontuetan? Goitik behera ezarrita? Inposatuta? Ze atxikimendu lor daiteke ezarpenarekin, honako hau ez bada: hizkuntzarenganako gorrotoa? Ederra.
Jardungo ahal dugu beste 20 urtetan ere arian-arian aurrera egiten, eta handik beste 20 urtera ere bai. Zeren arian-arian jarduten ez dugun egunean, malo. Tartean pazientzia galtzen baduzue, utzi hizkuntza normalkuntzaren esparrua eta hasi emaitza bizkorragoak ematen dituen beste zerbaitetan.
Baditu noski hirugarren plangintzaldi horrek hutsuneak: guk geuk aitortu ditugu gure txostenean; baina, era berean, guk geuk jarri ditugu soluzio-bideak. Lastima, Kontseiluak ez du garbi jokatu eta komeni zitzaiona baino ez du ikusi: ahuleziak.
Nortzuk zarete Kontseilukoak fiskalizazio eta «polizia» lana egiten ibiltzeko? Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren fiskalizazio eta kontrol lana egitea Legebiltzarrari dagokio, eta egindakoari nota jartzea herritarrei dagokie; baina ez, helburu positiboekin sortu bazen ere, gero eta nabarmenago euskararen izenean ildo politiko jakin baten mesedetan eta beste guztien kontra jardutea beste helbururik eta egitekorik gabe geratu den agitazio-bulego bati. Kritikak onargarriak dira taxuz planteatzen direnean eta oinarri sendoa dutenean; aldiz, horrelako interpretazio desitxuratua egiten denean, nabarmen gelditzen da atzetik beste zenbait kontu daudela.
Gu elkarlanean ari gara; baina Kontseiluaren bulegoarentzat elkarlana erretorika hutsa da, ez baitago elkarlanerako, baizik eta bere ildo politikokoak ez diren Udal, Diputazio, Jaurlaritza, alderdi politiko eta herri-elkarteei errieta egiteko eta beren kontrako salaketa eta jardunak burutzeko. Izan ere, Euskal Herrian inork sinesten al du, herri-administrazioek ez dutela ahaleginik egiten euskararen mesedetan? Guk ez dugu inongo bulegoren sermoirik behar euskaltzale izateko eta euskararen alde jarduteko.
Goian esan bezala, badugu zer hobetu, zalantzarik ez horretan; baina neurri ugari proposatu ditugu, eta horiek landuko ditugu elkarlanean, Administrazioan euskara modu positiboan sustatu nahi duten guztiekin. Borondate txar, gaizto eta maltzurkeriaz jokatzen dutenek ez dute gure inguruan lekurik izango. Eta badakizue: dabilen harriari...