GARA > Idatzia > Gutunak

iñaki hernando gonzalez Arrigorriagako lagunen izenean

Ez adiorik, Peli...

«Ezinezkoa da, ez da posible». Herri honetako familia askotan zoritxarreko hitz hauek bere zentzu tragikoena hartu dute inoiz. Gurean halakoa suertatu zitzaigun. Guk seme, senar, aita, anaia edo lagun genuen Peli. Haiek preso zuten, ordea. Beste askok bezala herri honen askatasunaren aldeko borrokan konpromisoa hartua zuen Pelik, ez bide errazenetik, ordea. Borroka ez da bide samurra izaten; borrokalari guztiek ondotxo dakiten gauza da. Beste aukerarik ez dagoenean hartzen den hautua da. Ondo ezagutzen ditugu gureak, borrokalariak izan arren, ez dira borrokazaleak, euren ametsa maite dutenaz gozatzea da, askatasunez gozatu ere.

Euren legeen arabera, Pelik kalean aske egon behar zuen, baina Espainiako espetxe politikaren helburua bestelakoa da euskal preso politikoentzat. Haientzat ez dago justiziarik, xantaia da kartzela euskal presoentzat, bai eta senideentzat ere, gure kasuan xantaia horrek heriotza ekarri zuen eta zerraldo bueltatu ziguten Peli. Ez zen lehenengoa izan eta tamalez azkena ere ez.

Hego Uribeko alderdi honetan, urte latza izan zen 1997koa, kasik sei kilometroko distantzia ez duen eremuan lau lagun galdu genituen. Uztailean, Txato ugaotarra erbestean eta Arrigorriagako Peli espetxean; irailean, Ugaoko Gaizka Igorreko Buztintza- rekin batera akabatu zuten txakurrek Bilboko Amistad kaleko segadan, eta urrian Xanti basauriarra zendu zen kartzelan tratatu ez zioten minbiziak jota.

Hamar urte igaro dira jada, eta presoen egoerak okerrera egin du: bizitza osorako luzatzen zaie kartzela zigorra, gaixotasun larriak pairatu arren gatibu dituzte balditza txarrenetan, eta sakabanaketa politika kriminalak bere horretan dirau. Ez dugu etsiko, ez ditugu gureak ahaztuko, pairatzen duten eskubiden urraketa lau haizetara salatzen jarraituko dugu. Egoeraren larritasunak hala eskatuta, zerrenda mingarriagoa egin ez dadin.

Ez da erraza izan; hutsune batzuk ez dira sekula betetzen, baina horrekin bizitzen ikasi dugu gure senide eta lagunek nahi izango zuten bezala. Harro gaude, suertea eta ohorea haiek ezagutu izana, zinez. Ametsak askatasunez gauzatzen saiatzea, hori da nahi zuten guztia, gure oraina eta etorkizunaren jabe izatea, bakean utz gaitzatela. Utopiazaleak, ameslariak, maitaleak, iraultzaileak, herrizaleak dira, mundua bestelakoa izan daitekeela sinisten duten horietakoak. Maite ditugu gureak.

«....zuen askatasuna behar dugu, libre gaudenok ere libreak izateko». Ez adiorik .

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo