Scarlattiri eta Zabaletari omenaldia eta ehun saio Musika Hamabostaldian
Ehun bat kontzertu eta hainbat estilotako ikuskizunak izango dira Donostiako 68. Musika Hamabostaldiko egitarauan, eta abuztuaren 6an abiatuko da. Ekitaldiak Domenico Scarlatti musikagile italiarra eta Nicanor Zabaleta harpa-jotzaile donostiarra omenduko ditu.
Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA
Abuztuaren 6an hasi eta irailaren 4a bitartean hartuko du Donostiak Musika Hamabostaldiaren aurtengo edizioa. Opera, sinfonia handiak, dantza, antzinako musika, musika garaikidea... orotara ehun bat kontzertu eta ikuskari emango dituzte epe horretan, tartean zazpi estreinaldi ere.
Hamabostaldiaren nondik norakoak atzo aurkeztu zituzten ofizialki Donostian, eta edizio «oparoa eta aberatsa» izango dela jakinarazi zuen Hamabostaldiko zuzendari Jose Antonio Echeniquek. Hark nabarmendu zuenez, Domenico Scarlatti musikagile italiarraren (1685-1757) eta Nicanor Zabaleta donostiar harpa-jotzailearen (1907-1993) urteurrenek garrantzi handia izango dute egitarauan. Errusiar musikagile, zuzendari eta taldeen esku-hartzea aurtengo ekitaldiko bereizgarri nagusietako bat izango dela esan zuen.
Nolanahi ere, ia hilabete iraungo duen 68. edizio horretako berrikuntza handienetakoa Victoria Eugenia antzoki berriztatua berreskuratu izana izango da, Kursaal auditoriumarekin batera jaialdiaren egoitza nagusietako bat izango baita aurten. Hain zuzen ere, Victoria Eugenia falta izan den urteetan Kursaala izan da Hamabostaldiaren erreferentzia nagusia. Baina protagonismo partekatu horren emaitza gisa, aurten bi espazioek hartuko dituzte musikaren irudi handiak.
Abiatze indartsua, 19 saiorekin
Inaugurazio egunean, abuztuaren 6an, hemeretzi saio izango dira hiriburuan, hainbat agertokitan. Victoria Eugenian bertan, esate baterako, «L´Ottavia restituta al trono» berriz estreinatuko dute; Domenico Scarlattiren obra, alegia. Capella della Pieta de´ Turchini taldeak interpretatuko du obraren alderdi instrumentala, eta Vivica Genaux mezzosopranoa eta Ruth Rosique sopranoa izango dira gidariak. Birgaitze-lan horren arduraduna, berriz, Antonio Floro zuzendaria izan da.
Abiatzean Kepa Junkerak ere izango du protagonismorik, Chillidaren «Haizearen Orrazia»n kontzertu bat emango baitu eskultura multzo horren 30. urtemuga dela-eta.
Biola kontzerturik ere izango da lehenengo egunean; Andoni Mercerok (biola), Cristina Sanchez Cuetarak (harpa) eta Sylvia Gutierrezek (gitarra) Nicanor Zabaleta oroitzeko Victoria Eugenian emango dutena.
Kursaal auditoriumak, berriz, «Hoffmannen ipuinak» operaren bi emanaldi hartuko ditu. Bertan emango dituzte, era berean, Sergei Rachmaninov-en «Aleko» eta Giuseppe Verdiren «Otello» obra ezagunak ere.
Dantzari eskainitako saioan, bestalde, munduko konpainia garrantzitsuenetako batek, Boston Balletek, «La Sylphide» historiako lehen balet erromantikoaren bi emanaldi egingo ditu Kursaalen -abuztuaren 21ean eta 22an-. Bisitaldiak ikusmin handia sortu du AEBetako taldeak 1991 urteaz geroztik ez du-eta nazioarteko birarik egin.
Hamabostaldiak ohiko zikloekin osatuko du egitaraua: Antzinako Musika -Santa Teresa komentuan, hilaren 6tik 16ra-; Musika Garaikidea -hilaren 20tik 25era, hainbat agertokitan-; eta Ganberako Musika. Azken horretan hiru errezitaldi izango dira, Ensemble Dialogosen «Judith»en estreinaldia, tartean. Organu Zikloa, Interprete Gazteena eta Chillida Leku Museoan egiten dena ere, adibidez, ez dira faltako Hamabostaldian.
Aurtengo berrikuntzen artean Victoria Eugenia antzoki berriztatua berreskuratu izana dago, eta Kursaalekin batera egoitza erreferentea izango da. Gainera, 30 bat agertoki izango ditu Hamabostaldiak, hiriburuan eta Gipuzkoako beste hainbat alderditan ere.
Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Diputazioak eta Lakuak babestutako ekitaldiak 3.430.000 euroko aurrekontua du. Kopuru horretatik %55 erakunde publikoen ekarpenari dagokio; %12, babesle pribatuei; eta beste %33a leihatilako diru-sarrerei.