«Ikastaroak gizartearen eta ikasleen beharretara egokitzen goaz urtero»
Irati Iciar Udako Euskal Unibertsitateak duela 35 urtetik hona antolatzen dituen udako ikastaroen arduraduna da. Ikastaro gehienak atzo bukatu ziren -bakarra falta da; kultur ondarearen azterketaz dihardu eta gaur amaituko da-, eta GARAk Iciarrekin egon nahi izan du lehenengo balorazio bat egin diezagun. Oro har, «oso positibotzat» jo dituzte aurtengo esperientzia eta erronkak.
Iker IRIARTE |
UEUk Nafarroan antolatu dituen ikastaroak amaitu berri dira, eta horien arduradunak berrikuntzak nabarmendu eta balorazioa egin du.
Ikastaro gehienak amaitu berritan, agian goiz da balorazioa eskatzeko, baina zer aho zapore utzi dizuete ikastaroek?
Orokorrean oso-oso aho zapore ona. Balorazioa oso positiboa da. Aurten, 35. edizioa, hainbat berrikuntzarekin aurkeztu dugu. Urtero egokitzen eta aldatzen goaz ikastaroak aurreko urtetik ikasitakoarekin eta gizar- teak edo gure ikasle potentzialek behar dutenarekin osatzeko.
Aurten, gainera, dezente izan dira aldaketak!
Bai. Aldaketetako bat Eibarren bi astez egon izana da, eta orokorrean oso balorazio ona egiten dugu, ezen bi astetan 240 pertsona izan baititugu. Beste aldaketa bat formatu aldaketarena izan da. Azken urteetan jendeak joan eta etorri egiten zuela ikusi dugu. Lehen, gehiago baloratzen zen giro euskalduna, elkarbizitza eta abar; gaur egun, jendeak argi du bere denbora eta dirua zerbaitetarako inbertitzen dituela eta zerbait lortu nahi du: kredituak, lanerako teknikak ikasi, birziklatu... formatuak horretara egokitu ditugu; jendea etor dadin erraztu dugu: ikastaro batzuk goizez izan dira, besteak arratsaldez, beste batzuk goiz eta arratsalde, besteetan ordutegia aurreratu dugu lehenago bukatzeko...
Aldaketarik handiena ostatuarena izan da, egoitza, barnetegia. Joan-etorriak ikusita, aurten ez da ostaturik eskaini eta hori izan da erronka nagusia.
Espero bezalakoa izan al da jendearen erantzuna?
Datuak ikusita, erantzun negatiboena Baionan izan da. Iparraldeko jendea baldin badoa, ez duela egoitzarik beharko uste genuen, eta gainontzekoei informazioa eskainiko geniela, ostatu non hartu. Baionan muga psikologiko bat dago, ordea: frantsesa ez badakigu, leku turistikoa izanik ere, zailtasunak izaten dira. Iparraldeko gure langile Enekok deika ibili behar izan du ostatuak bilatzeko. Jende gutxiago nabaritu da, eta lehenengo irakurketak ostatu faltagatik dela dio.
Eibarren ez dugu behin ere ostaturik eskaini; eta Iruñean, aldiz, ikasle kopuruetan eta balorazio orrietan ez da nabaritu ostatu falta. Gainera, Iruñean nabaritzen da joan-etorrien hazkundea gehien. Iruñera iristea erraza da eta hiriak berak dituen ostatu aukerak handiak dira. Datorren urtean ikusiko da zerbitzua eskaini edo ez.
Beraz, mugikortasunari dagokionez ere aldeak badaude.
Bai, hori da. Gipuzkoar eta bizkaitarrak alde guztietara mugitzen direla ikusten da, iparraldekoak Iparraldera joaten direla eta nafarrak, Nafarroara.
Nolakoa izan da Iruñeko Larraona ikastetxea utzi eta Hizkuntz Eskolara etortzea?
Aldaketa hori ere hoberako izan da nire ustez. Beti ikastaro berritzaileak eskaintzen ditugu, eta Larraona ez zetorren bat guk eskaintzen dugun produktu modernoarekin. Larraonak, irudi, kolore eta kutsuagatik, kontrajarria ematen zuen, eta horregatik iaz handik atera behar genuela erabaki genuen.
Hizkuntz Eskola hasieratik prest agertu zen gurekin lan egiteko. Ikasgelak oso ongi prestatuta daudela, freskoagoa dela, argiagoa, irudi hobea duela, eta kokapena egokiagoa dela ikusi da. Orain benetan gaude Iruñean. Larraonan bertan geunden baina Iruñetik kanpo; ez ginen hemengo bizitzan murgiltzen, eta aurten Alde Zaharrean murgildu gara. Horretan oso gustura gaude. Hizkuntza Eskolakoen jarrera oso ona izan da!
Baionan ere kokapena aldatu egin dugu; Beñat Etxepare Lizeora joan gara eta oso balorazio ona egiten dugu. Izan ere, Iparraldeko ikastolen egoera ikusita, ikasketa guztiak euskaraz ematen dituen eta Iparraldeko euskal ikasle gehienak biltzen dituen lizeoa da, eta langileen eta zuzendariaren jarrerari, guztien euskaltzaletasunari eta eman dizkiguten erraztasunei esker oso gustura egon gara. Horrek asko laguntzen du antolatzeko garaian, baina ikasleek ere asko nabaritu dute balorazio orrietan azaldu dutenez.
Nafarroan, berrikuntza nagusia Lizarrara zabaltzea izan da. Errepikatzeko esperientzia?
Esperimentu moduko bat izan da. Udala jarri zen gurekin harremanetan, hango euskara teknikari Jaime Garin, eta Iruñetik kanpo inoiz ezer antolatu ez genuenez, ez genekien jendeak zer erantzun emango zuen. Nafarrei eta Lizarrako jendeari espresuki eskainitako ikastaroak izan dira. Hori dela-eta, formatuarekin eta gaiarekin asmatu beharra genuen. Lizarrako euskara batzordearekin hitz eginda jakin genuen jendea oso motibatuta dagoela euskaraz egiten den edozertan parte hartzeko. Guretzat eta publikoarentzat interesgarriak ziren hiru gai aukeratu genituen, eta erantzuna ona izan dela nabaria da. Hurrengo urtean jarraitzeko gu prest gaudela adierazi diegu.
Nahiz behin betiko datuak jakiteko goizegi den, eskaera gehien duten ikasgaiak zein diren jakingo duzue, ezta ?
Bai. Azken urteetan eskaera gehien dutenak ikasgai teknikoak eta zerbait berria eskaintzen dutenak izan dira; informatikak beti oso harrera ona du, aurten Eibarren geografia ikastaro bat ere izan dugu GIS programaren erabileraz. Beste batzuk, orokorragoak, modaren arabera aldatzen doaz, eta oso harrera ona izaten dute -aurten bertsolaritzaren gaineko bat, adibidez-. Azkenik, badaude batzuk, bereziak izan daitezkeenak: antzerkigintza, yoga edo apikultura besteren artean, agian ez liratekeenak ohiko beste unibertsitate batean eskainiko, baina horiek ere beren publikoa lortzen dute, batez ere interes pertsonalagatik datorren jendea.
Hurrengo urteari begira, ezer pentsaturik ba al duzue?
Oso goiz da oraindik ezer adierazteko. Irakurketak egin behar ditugu oraindik, ikasleen balorazio orriak ere aztertu behar ditugu, eta horren guztiaren arabera prestatu edo osatuko dugu datorren urteko programazioa. Orain egiten duguna, ordea, udako ikastaroetan arrakastatsuak izan diren ikastaroak edo kolokan geratu direnak urtearen buruan eskaintzea da, ezen badakigu data ere oso faktore garrantzitsua dela eta jende askok garai horretan ezin duela etorri.