GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Bejondeizula, Amets!

Gaizka LASA

(Karpin-Galicia)

Gaur txirrindulari gazte bat zoriondu beharrean gaude. Bere lehenengo urtea da Tourrean, baina izan duen jokaera nabarmendu behar da. Bere izena Amets Txurruka da. Bizkaitar honek txundituta utzi gintuen atzoko etapan bere ihesaldia zela eta.

Kontuan hartuta egunak aurrera doazela eta askok indarra jaitsi dutela, nekea oso handia dela, eta askok azkeneko aste gogorra buruan dutela, Euskaltel-Euskadiko txirrindulari honek adorea izan zuen ihesaldian parte hartzeko eta garaipenaren zaporea dastatzeko. Dena den, ez da ahaztu behar hiru asteko Tourra dela. Etapak lasaitasunez hartzekoa bazirudien ere, Ametsek lasterketa honetan gehiago nahi zuela ikusi zen. Jakinda, gainera, tropelak azkenean harrapatu egingo zuela, berak ez zuen amore eman eta ihesaldiko «laguna» bultzatzen ausartu zen. Beraz, Amets, mila esker zure entregarengatik.

Datozen egunetan Pirinioak izango dira protagonista, eta horiekin batera euskalzale amorratuak. Aukera bikaina izango du Ametsek, beste euskaldunek bezala, etxekoen artean zerbait berezia egiteko.

Beste txirrindulari bat zoriondu beharko genuke egun honetan. Tom Boonen esprinterrak beste garaipen bat lortu zuen atzoko etapan. Lasterketa gutxi falta zitzaizkion aurtengo Tourrean esprintean podiuma dastatzeko, eta lortu egin du. Bazirudien txirrindularien artean ezkutatzen aritu zela. Ez zaio batere ikusi mendian, baina egun txarrak pasa behar izan zituen.

Bestalde, erlojupeko etapa dugu gaur. Gauza asko utz daitezke bideratuta, edota airean gelditu. Hau da hau txirrindularitzaren misterioa! 54 kilometroko erlojupekoa benetan luzea izango da hainbat kirolarirentzat. Iban Mayok egun zailena izango du gaurkoa. Bertan ikusiko da podiuma zapaltzen duen edo ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo