Denboraldi-aurrea
Yesteri azkenean ebakuntza egingo diote datorren astean
Baliteke basauriarra zortzi astez izatea zelaietatik kanpo, eta ez du uste ligako hirugarren edo laugarren jardunaldia arte prest izango denik taldea laguntzeko
GARA | BILBO
Azken denboraldi ia osoa pubis arazoekin jokatu ostean, azkenik, Francisco Yeste jokalariari ebakuntza egingo diote datorren asteartean Bartzelonan, eta litekeena da zortzi aste ematea zelaietatik at. Nahiz eta denboraldi amaieran ebakuntza saihets zitekeela uste izan, jokalari zuri-gorriaren arazoek hor jarraitu dute, eta beste irtenbide bat bilatu beharrean izan dira. Hilaren 24an, basauriarra Bartzelonara joango da Angulo doktorearekin, eta azterketa eta balorazioak egin ostean, seguruenik ebakuntza egingo diote.
Jokalaria iazko denboraldi amaieran Alemaniara joan zen, eta odutik tratamendu berezi bat jarraitu du; horregatik, ligan jokatu ahal izan du. Izan ere, Athleticek azken jardunaldia bukatu arte ez zuen lasaitasunik hartu, eta Manek ezinbesteko ikusten zuen Yestek taldeari zelaian bertan laguntzea. Hala ere, Ulrike Muschawecek doktorearen tratamenduarekin ebakuntza bazter zitekeela uste zuten, baina azterketek txarrena baieztatu dute.
Yestek honakoa adierazi du: «Cugat doktoreak argi ikusi du arazoek bere horretan dirautela eta irtenbide kirurgikoa izango dela posibleena». Luze jotzen ari dela ikusi, eta kezkatuta azaldu zen atzo emandako prentsaurrekoan. «Min ematen dit kirofanotik berriz pasatu beharrak. Gainera, joan den denboraldi ia osoa infiltraturik jokatu nuen eta min handiarekin. Espero dut Cugat doktorearen eskuetatik pasatu ostean gai hau betirako ahaztea. Gainera, ez naiz prest izango hirugarren edo laugarren jardunaldira arte, nahiz eta askorik ez dudan galduko», adierazi zuen erdilariak.
Bestalde, Joseba Garmendia hobetzen ari da, eta lasterketa txikiak egiten hasi da. «Pixkanaka-pixkanaka belauna hobetzen doala ikusten dut, eta nahiz eta txikiak izan, aurrerapausoak ematen ari naiz. Ez da erraza egoera, taldekide guztiak korrika ikustea eta ni oraindik sasoiko ez egotea, baina lasai hartu behar dira gauzak. Ahalegin guztiak egingo ditut ahalik eta arinena sendatzeko eta entrenatzailearen zerbitzura egoteko», adierazi zuen basauriarrak atzoko adierazpenetan.
Ocio, hunkituta
Aitor Ociok, Athleticek fitxatu berri duen jokalariak, hunkituta agurtu zuen atzo Sevilla, orain gutxira arte, lau urtean, han jokatu baitu. Gasteiztarraren esanetan, «maleta batekin» iritsi zen Andaluziako taldera, eta «lau titulurekin, emazte zoragarri batekin, eta alaba sevillar» batekin utziko du. Jokalariak, Andaluziako taldearen historiaren parte izateak «harro» sentiarazten duela azaltzeaz gain, «taldekide guztiei, entrenatzaileei, presidenteari eta zaleei» beti eskertuko diela esan zuen.
Iurretako atzelariak goizeko lan saioa utzi behar izan zuen ezker orpoan mina sentitu zuelako. Ez da antzeko lesio bat duen lehen aldia, azken denboraldian ere arrazoi beragatik zelaietatik kanpo ibili baitzen.
Lehen taldeak bihar izango du asteko azken lan saioa 11.00etan, Lezaman. Entrenamendu ostean, Joaquin Caparros entrenatzaileak prentsaurrekoa emango du, eta taldeko zenbait jokalariren etorkizuna argitzea litekeena da.