GARA > Idatzia > Kultura

Emakumeen sexualitatearen gainean egindako ikerketaren emaitzak, argazki bihurtuta

Andrea Sraier-ek aurkeztu duen erakusketa hogei bat emakumek euren sexualitatean egindako barneraketaren ondorio da. Emaitza, hausnarketa eragin nahi duten hogei argazki artistikoak bezain esanguratsua.

p058_f01.jpg

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Norberaren sexualitatea argazki batean islatzea zaila dela ukaezina da. Are gehiago, helburu hori erdiesteko behar diren planteamendu eta barneratze prozesuak kontuan hartuta. Baina horretan datza, hain zuzen ere, Andrea Sraier argentinarrak aurkeztu duen erakusketa; Ignacio Aldekoa kultur etxean ikus daitekeena, alegia. Heldu den irailaren 2a arte iraungo duen argazki bildumaren erakusketak hogei bat emakumeren irudiak biltzen ditu, eta horiek beren sexualitatearen irudi intimoena aurkezten dute. Hortaz, pertsonalak bezain desberdinak diren erretratuek osatzen dute ``¿Y tú, qué tal?'' proiektua. Erakusketa baino gehiago, ikerketa lan gisa sailka daitekeen ekimena da.

Hogei irudietako bakoitza egilearen eta protagonistaren arteko elkarrizketa sakon eta luze baten ondorio da. Argazki bakoitza egiteko, Andreak emakumeekin lehen harreman bat izaten zuen, eta proiektuaren xedea aurkezten zien. Handik aurrera, joko antzeko bat hasten zen; abiapuntu gisa sexualitatea irudikatzeko modua hartzen zuen jokoa, hain zuzen ere. Ondorioz, parte hartu duten emakumeak euren sexualitatean barneratzen ziren, hura aztertzen zuten, prozesu horretan ikusi eta ikasitakoa irudi batean islatu ahal izateko. Horregatik, amaierako argazkiaren agertokia, jantzia, jarrera eta diseinua, oro har, emakume bakoitzak proposatu du.

«Gure sexualitatea nola ikusten dugun bilatu nahi nuen», azaldu du argi Andreak bere helburua, baina horretarako, bi pertsonaren lanak elkartu behar dira. Alde batetik, emakumeek euren burua aztertu behar zuten arropa mota edota lekua proposatzeko. Baina, bestetik, erakusketak duen kalitate teknikoa argazkilariaren ukitu artistikoaren ondorio argia da.

Arlo zabalegia

Sexualitate kontzeptua, hala ere, zabalegia suertatzen da irudi bakarrean azaldu ahal izateko. Gutxienez, hori uste du Andrea Sraierrek, eta honakoa gaineratu du: «Emakume bakoitzaren iragana, oraina eta geroa argazki bakarrean azaltzea ezinezkoa zitzaigula ikusitakoan, gaia murriztea erabaki nuen. Bakoitzak, gaur egun, bere sexualitatea nola sentitzen duen bihurtu zen aztergai».

Lan horren aterpe, Ignacio Aldekoako aretoa. Eta leku horretako arduraduna pozik agertu den arren, muga garrantzitsu bat du kultur etxeak. Kontua da Andrearen proiektuak arlo anitz lantzen dituela, baina aretoko mugak direla-eta ikus-entzunezko muntaia ez dutela erakutsiko. Bideoaren mamia emakumeekin izandako elkarrizketak dira; hortaz, erakustaldia indartzen zuen atal bat zen.

«Erakusketak duen indarra gorputz-hizkuntza erabiltzean datza», azaldu du Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatuak, Federico Berastegik. Andrea Sraier, ordea, pauso bat aurrerago joan da, eta ez du irudien azterketa soila bilatzen, baizik eta azaltzen diren emakumeekiko enpatia bilatzen du. Baita lortu ere. Aretora joateko parada duenak, ziur asko, gogoeta pare bat egingo du. Lehenik eta behin, irudiko protagonisten bizitzari buruzko hausnarketa egingo du. Andreak lan egiteko modua ezagutu ondoren, beste alde batetik, emakumeek eta gizonek euren buruari galdetuko diote ea nola azalduko luketen berek euren sexualitatea argazki bakarrean.

Fitxa

Lekua: Ignacio Aldekoa kultur etxeko aretoa.

Data: Uztailaren 19 an hasi eta irailaren 2a arte egongo da.

Antolatzailea: Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Ignacio Aldekoa kultur etxea.

Salneurria: Doakoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo