GARA > Idatzia > Arrauna

Traineru Txapelketak

Hondarribiak eta Arkotek nahikoa lan izango dute tituluei eusten

Gipuzkoako Txapelketa Donostian jokatuko dute, eta lehia estua espero da Orioren, Hondarribiaren eta Zarautzen artean; Bizkaiko Txapelketa, berriz, Lekeition izango da eta badirudi Urdaibai dela herrialdeko titulua eskuratzeko faborito nagusia eta ia bakarra

p053_f01_148x96.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

TKE eta KAE ligetako estropadak egun batez bada ere ahaztu eta Gipuzkoako eta Bizkaiko Traineru Txapelketak jokatuko dituzte gaur euskal ontzi indartsuenek Donostian eta Lekeition, hurrenez hurren. Bi estropadak 19.00etan hasiko dira, eta hiru txanda izango dituzte.

Gipuzkoako Txapelketari dagokionez, hamaika traineruk hartuko dute parte hiru txandatan banatuta. Lehen txandan, Ur Kirolak, Hernani eta Fortuna lehiatuko dira, hiru traineru. Bigarren txandan arituko direnak San Pedro, Getaria, Pasai Donibane eta Donostia Arraun izango dira. Eta hirugarren eta azken txandan irtengo dira, berriz, Orio, Zarautz, Hondarribia eta Zumaia.

Kontxako Badian jokatuko duten estropadan berrikuntza nagusia Fortuna izango da. Donostiarrek Hibaikaren tokia hartuko dute lehen txandan. Bestetik, San Pedro izango da azkenean San Migel Ligan dabiltzan bost talde gipuzkoarren artean ohorezko txandatik kanpo geratuko den ontzia. Hondarribiko bigarren ontziak ere ez du gaurko proban parte hartuko.

Iaz Hondarribiak irabazi zuen Gipuzkoako Txapelketa, eta aurten ere garaile izateko faborito nagusietako bat izango da, zalantzarik gabe. San Miguel Ligako azken bi estropadetan bigarren postuan amaitu du, Plentziakoan oriotarren aurretik ere bai, eta uztaileko lehen ikurrina irabazteko irrikan egongo da.

Baina orain arteko emaitzak ikusita, Orio jo beharko dugu trapuaren jabe egiteko faborito nagusitzat. San Miguel Ligako liderra da eta jada hiru bandera irabazi ditu lehiaketa horretan. Bi ontzi horiekin batera, Zarautz izango da Donostian ezustekoa eman dezakeena, eta ikusmin handia dago Getariak egin dezakeena ikusteko, sei estropadatatik bost irabazi baitituzte getariarrek KAE Ligako lehen multzoan. Zumaia, San Pedro eta Pasai Donibane ere kontuan hartu beharreko ontziak izango dira. Izan ere, lehen lau ontziek Euskadiko Txapelketarako txartela lortuko dute.

Bermeotarrak, faborito

Bizkaiko Txapelketan, berriz, hamar ontzik hartuko dute parte. Lehen txandan Raspas, Deustu eta Busturialdea neurtuko dira. Bigarren txandan arraun egingo dutenak Zierbena, Santurtzi eta Ondarroa izango dira. Eta hirugarren txandan Urdaibai, Arkote, Isuntza eta Kaiku irtengo dira.

Hiru traineruko bi txanda eta lauko beste bat antolatu dituzte, beraz, Lekeitioko estropada eremuan. Falta direnen artean Portugalete nabarmendu behar da, KAE Ligako bigarren multzoan lidergoan dagoen ontzia. Arkoteko bigarren traineruak eta Getxok ere ez dute gaurko lehian parte hartuko.

Urdaibai izango da, inolako zalantzarik gabe, Bizkaiko Txapelketa irabazteko faborito nagusia. Iaz Arkote izan zen onena herrialde hartako lehian, baina aurten gauzak asko aldatu dira. Bermeotarrek talde sendoa osatu dute -San Miguel Ligan bigarren dira eta jada bi bandera irabazi dituzte lehiaketa horretan- eta Arkote, aldiz, zailtasun handiekin dabil -azken-aurrekoa da aipatu ligako sailkapenean-.

Beraz, lehia interesgarriagoa egon daiteke Euskadiko Txapelketara sailkatuko diren ontziak erabakitzerakoan. Isuntza da KAE Ligan dabiltzan bizkaitarren artean ontzi indartsuena oraingoz, eta etxean arraun egitearen abantaila izango du, baina Kaiku pare-parean dauka denboraldi hasieratik.

Azken bi horiei ezusteko bat ematen saiatuko direnak Ondarroa, Santurtzi eta Zierbena izango dira, nahiz eta azken bi traineru horiek ez dabiltzan oso fin aurtengo denboraldian. Raspasek, Deustuk eta Busturialdeak, batez ere lehen biek, nahikoa izango dute estropada ona egin eta minutu gutxi galtzen.

Galiziako Txapelketa ere gaur goizean jokatuko dute

Euskal Herriko bi txapelketez gain, Galiziako Traineru Txapelketa ere gaur jokatuko dute Corcubiongo uretan, Coruñan. 11.30ean hasiko da, eta bost ontziko bi txanda egingo dituzte. San Miguel Ligan dabiltzan Mecos eta Caborekin batera, Ipar-Mendebaldeko Ligan aurreneko zortzi postuetan dauden traineruek hartuko dute parte bertako lehiaketan: Tiran, Samertolameu, Perillo, Nautico de Vigo, Chapela, Amegrove, Coruxo eta Esteirana. Ontziak sailkapenaren arabera nahastuko dituzte maila bertsuko taldeak txanda ezberdinetan banatzeko. Mecos eta Cabo, esaterako, txanda ezberdinetan arituko dira eta Tiran eta Samertolameu ere bai.

Hurrengo astean iritsiko dira, berriz, Euskadiko eta Cantabriako txapelketak. Euskadiko Txapelketa uztailaren 31n jokatuko dute, San Inazio egunean, 19.00etan hasita. Bertan, gaur Gipuzkoako eta Bizkaiko txapelketetan lehendabiziko lau postuetan sailkatutako ontziak lehiatuko dira bi txandatan banatuta. Lehen txandan Gipuzkoa eta Bizkaiko hirugarren eta laugarren sailkatuak irtengo dira; bigarren txandan, berriz, Gipuzkoako eta Bizkaiko lehen eta bigarren postuetan sailkatutakoak.

Abuztuaren 1ean, azkenik, Cantabriako Txapelketa jokatuko dute Santanderren, 19.00etan. Lehen txandan, Colindres, Camargo eta Laredo irtengo dira, eta bigarren txandan, Pontejos, Astillero, Castro eta Pedreña. Txandak ekaineko lau estropaden arabera osatu dituzte. Espainiako Txapelketa Pedreñan izango da abuztuaren 11n eta 12an, San Miguel Ligaren atsedena baliatuz.

A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo