GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Baionako jaiak

Segurtasun neurriek jaiari gaina hartuko diote Baionako festetan

Baionako festetan izan diren erasoei aurre egiteko, Jean Jacques Caron suprefetak, Jean Grenet Baionako auzapezak eta Patrice Michel prokuradoreak neurri gogorrak prestatu dituzte. Kalean, segurtasun kamerak jarri, eta kalez jantzitako poliziakideak armatuta joanen dira.

p006_f01.jpg

Eneritz ZABALETA | BAIONA

Baionako festek, urteak joan eta urteak jin, irudi kaskarra irabazi dute, bertan gertatutako suntsiketa, bortxaketa, borroka eta gainerako gehiegikeriak direla- eta. Festazaleen kopurua handitu ahala, gehiegikeriak hazi dira; gero eta urrunago joan dira gainera. Arazoa larria da, eta iazko festen azterketa egitean, jaiak bertan behera uztea edo egutegian datak aldatzea ezbaian egon zen. Arazoa konpontzeko, botere publikoek segurtasun neurri zorrotzei eta polizia irtenbideari eman diete lehentasuna.

Iaz, Durand suprefetaren eskutik, Poliziaren kontrolak eta Baionako elkarteen kontrako neurriak areagotu ziren. Emaitza, baina, ez zen, inondik inora ere, ona izan. Borrokak, mozkorkeriak eta bestelako erasoak ez ziren desagertu. Baina kezkagarriena emakumeen kontrako eraso sexisten eta bortxaketen ugaritzea izan zen. Bortxaketa horietatik lau oraindik epaitze bidean daude.

Iazko emaitzak ikusirik, botere publikoek aurtengo festetan polizia bideetatik jarraitzea erabaki dute. Atzo, Jean Grenet Baionako auzapezak, Jean Jacques Caron Baionako suprefetak eta Patrice Michel prokuradoreak aurtengo jaietarako finkatu dituzten segurtasun neurriak aurkeztu zituzten.

Poliziak armekin, kalean

Jean Jacques Caron suprefetak festetarako polizia egituraketa aurkeztu zuen. Festazaleen segurtasuna bermatzeko, kalez jantzitako 500 poliziakide ibiliko dira Baionako karriketan barna, balen aurkako babesekin jantzita eta armatuta. Polizia gorpu osoak, kalez jantzitako poliziakide horiek, hiri bazterretan egonen diren CRSek, mugak kontrolatuko dituzten PAF gorpuko poliziakideek, aduanek, trenetan ibiliko den trenbideetako brigadek eta Jendarmeriak osatuko dute. Caronen hitzetan, lehentasuna polizia gorpuen «erreaktibotasuna» eta «mugikortasuna» izanen dira.

Polizia gorpu horietaz guztiez gain, aurten lehen aldikoz, Baionako hainbat karrikatan azken belaunaldiko bideo kamerak ipini ditu Udalak, jaietan hainbat gehiegikeria gertatu ohi diren «leku estrategikoetan», Grenet auzapezak esan zuenez. Bideo kamera horiek Baionako polizia etxetik gidatuko dituzte, eta «legearen kontrako ekintzak» gertatzean, polizia bidaliko dute bertara. Izan ere, Caron suprefetak garbi utzi nahi izan zuen aurten edozein lege-hauste zigortu eginen dutela: «Baionako festak ez dira legerik gabeko gunea izanen gehiago. Polizia gorpu guztiei arau-hauste bakar bat ere ez barkatzeko eskatu diet. Gizarteak jakin behar du Baionako jaietan legea hausten duen edonork ondorioak jasan beharko dituela».

«Erdi Aroko mozkorkeria»

Jean Jacques Caron suprefetak jarrera biziki gogorra izan zuen atzo, festak «usteltzen» dituen gehiegizko alkohol kontsumoaren aurka. Caronen arabera, polizia indarren lehentasuna mugarik gabeko alkohol kontsu- moa borrokatzea izanen da, horrek esplikatzen baititu azken urteetan gertatu eraso eta bortxaketak. Baionako festak «Erdi Aroko mozkorkerien antzeko» bihur ez daitezen borrokatuko dela zehaztu zuen Caronek. Horretarako, hainbat mehatxu egin zituen. Erraterako, Baionako eta Angeluko udalerrietan 3.00etatik 9.00etara, eremu publikoan alkohola saltzea eta kontsumitzea debekatuta egonen dela. Neurria errespetatzeko, «kalean mozkorturik dagoen edonor» atxilotzeko mehatxua egin zuen, «mozkorrek eta ordena publikoa mehatxatzen dutenek» «Errepublikari» gaina har ez diezaioten. Baionan suprefet kargua betetzen duen lehen urtea du Caronek, eta gisa horretako neurri irrealistak hartu izanak argi erakusten du hori. Izan ere, kalean mozkorturik dagoen edonor nekez atxilotu daiteke; izan ere, milaka eta milaka pertsona alkohola edaten egoten da Baionako festa erraldoietan.

Baina Caron suprefeta ez zen horretan gelditu, eta Jendarmeriak, festetako bost egunetan, alkolemia kontrolak eginen dituela jakinarazi zuen; Baionatik 30 kilometroko perimetroan jarriko dituzte: «Beste urteetan, jendeak sei edo zazpi kilometro autobusean egin, eta mozkortuta hartzen zuen autoa. Horregatik perimetroa zabaldu dugu». Alde horretatik, alkoholemia tasa gainditzen duen edonori gidabaimena kenduko diotela berretsi zuen Caronek, horretarako gidabaimena erretiratzea «pertsonalki izenpetu» behar badu ere.

Alkoholemiari dagokionez, Caronek tabernariak mehatxatu zituen, eta haiei gogorarazi zien alkoholak eragindako istripu baten arduradun gisa epaituko dituztela, istripua eragin duen gidaria tabernariaren ostatuan mozkortu dela frogatzen baldin bada. Kasu horretan ere, lan nekeza izanen dute segurtasun indarrek milaka pertsona biltzen den festa batean mozkortutako gidaria zein ostatutan mozkortu den jakiteko.

Greneten kezkak

Caronen mehatxuen aitzinean, Jean Grenet Baionako auzapezak giroa lasaitu nahi izan zuen. Neurri horien guztien helburua festak «giro sano eta baketsuan» iragatea dela erran zuen, eta guztia lizentzia dela uste duen «gutxiengoari legeak daudela» gogorarazi zien. Grenetek min hartutako festazaleak sendatzeko guneei eta atseden hartzeko festaguneei erreparatu nahi izan zien gehiago. Auzapezak adierazi zuen aurten ostatu guztiak 3.00etan itxiko direla, eta 9.00ak arte hala egon beharko zutela, jendeari «atseden hartzeko eta lo egiteko» aukera emateko. Iazko bortxaketek izandako oihartzuna dela-eta, Udalak aurrera eramanen duen prebentzio kanpaina aurkeztu zuen Grenetek. Kanpaina lau pankarta egitera mugatu da, eta bertan, «desegoki diren janzkerak» bezalako arrisku egoerak ekiditea aholkatzen da.

Festetako giroari dagokionez, erran behar da Udalak arazoak sortu dituzten hainbat gai ez dituela konpondu. Hala, ostatuek ipinitako kale megafoniak ez dituzte debekatuko aurten, 80 dezibelioko muga izango badute ere. Kaleetako pasabideak estutzen dituzten kanpoko «barrak» ere ez dituzte debekatuko. Azkenik, ostatuek komunak zabalik edukitzeko aholkua soilik eman du Udalak, eta tabernariak behartzeko eskumenik ez duela azaldu du.

Hamar autobus linea berezi jaietara joateko

Bosgarren urtez jarraian, departamenduko Kontseilu Nagusiak eta eskualdeko autobus konpainien sindikatuak Baionako inguruko herrietatik jaietara joateko autobus sare berezia antolatuko dute. Orotara, 10 autobus linea berezi antolatuko dituzte Lapurdiko eta Landetako hainbat herritatik Baionaraino joateko eta itzultzeko. Baionako jaietako antolatzaileen eskakizunei jarraiki, joaneko azken autobusak 23.00etarako iritsiko dira Baionara. Itzultzeko azken autobusak, aldiz, 04.00etan abiatuko dira Baionako Euskaldunen Plazatik. Iazko arrakasta ikusirik, itzultzeko autobusak ordu laurdenetik behin abiatuko dira, eta ez orduro, azken urteetan bezala.

Eneritz ZABALETA

Baiona Berriak jai eredua aldatzeko eskatu du

Haserre agertu ziren atzo Baiona Berria udal taldeko ordezkariak, Baionako festen inguruan hartutako segurtasun neurriak direla-eta. Baiona Berriko Xabi Larraldek gogor salatu zuen Grenet auzapezak neurri horiek guztiak ezkutuan hartu izana. «Prentsarekin batera jakin ditugu neurri hauek guztiak», erran zuen Larraldek, Udalak hartutako neurriekin zur eta lur. Baiona Berriak adierazi zuen festetako arazoei polizia irtenbidea eman nahi izatea «alferrikakoa» dela, eta Baionako karrikak «Big brother» erraldoi bihurtuta arazoa ez dela konponduko azaldu zuen aurten Udalak jarri dituen bideo kamerei buruz. Udala festen inguruan egiten ari den kudeaketa ezkutua bereziki salatu zuen udal taldeak. «Festen antolaketa osoa auzapezak kudeatzen du. Udaleko hautetsioi ez zaigu ezer jakinarazten; dena ilunpean darama auzapezak», erran zuen Beatrice Peyrucq Baiona Berriko hautetsiak.

Festak kudeatzeko modua kritikatu bazuten ere, aurten Udalak bultzatutako ekimen batzuekin poztu zen Baiona Berria, hala nola eraso sexistak saihesteko abiatutako prebentzio kanpainarekin edo kalean 200 komun publiko instalatu izanarekin. Hala ere, segurtasun arazoei aurre egiteko, Udalak festen ereduari buruz hausnarketarik egin ez izana deitoratu zuen Baiona Berriak. Xabi Larralderen iritziz, segurtasun arazoak ez dira «polizia neurriekin» konponduko, «festa eredua aldatuta» baizik. Horretarako, jai eremua Baiona Ttipitik harago zabaltzea proposatu zuen Larraldek, ekimen garrantzitsu batzuk Santespiritu auzora eramatea. Neurri horrek «jendea metatzea» ekidingo luke, Larralderen arabera, eta segurtasun arazoak arinduko lirateke. Festek herri giroa eskuratzeko, lokalik ez duten elkarteentzako txosnagune bat zabaltzeko ere eskatu zuen Baiona Berriak, Bilboko konpartsen adibideari jarraituz. Aurtengo jaiei dagokienez, ahalik eta arinena hartu beharreko neurri gisa, pasabidea trabatzen duten kanpo barrak debekatzea eta kalean zarata eragiten duten kanpo megafoniak kentzeko eskatu zuen Baiona Berriak. Jean Marc Abbadie udal taldeko kidearen arabera, Baionako festen giroa eraldatzeko, herritar guztiek parte hartzea bultzatu behar da, dohainik bidaltzen den udal boletuarekin batera, inkesta bat sartuta, «baionarrek festei buruz dituzten iritzi eta proposamenak» jakiteko. Azken urteetan, Udalak Baionako elkarte eta peñekin izandako harreman eskasa salatu zuen Abbadiek.

Baionako festetara herri giroa eramateko asmoz, aurten, abuztuaren 4an, larunbatean, herri bazkaria antolatuko du Baionako hautetsi abertzaleak biltzen dituen udal taldeak. Bazkaria Tonneliers karrikan izanen da, Patxoki ostatuaren ondoan. Eneritz ZABALETA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo