GARA > Idatzia > Real Sociedad

Abonuak %20 merkeago izango dira 2007/08ko denboraldian

GARA | DONOSTIA

Realeko Administrazio Kontseiluak abonuen prezioak egokitzea erabaki du, alde batetik, «aurtengo bazkideek eginiko ahalegina saritzeko», eta, bestetik, 2007/08ko denboraldian Anoetara ahalik eta zale gehiena joateko. Erabaki horrekin, presidenteak zin egin bezala, zaleentzat ahalik eta prezio eskuraerrazenak jartzen saiatuko da kluba, xede garbi batekin: ahalik eta babesik handiena lortzea taldea zenbat eta bizkorren Lehen Mailara itzultzeko.

Horretarako, Realeko bazkideei %20ko beherapena egingo diete aurtengo denboraldiko abonuetan, eta hainbat abantaila emango dizkiete datorren urtera begira. Jadanik ordaindu ziren kopuruen diferentzia, hala, bueltatu egingo zaie. Talde txuri-urdinak gainean dagoen denboraldiko bazkideak saritu nahi ditu, eta %20ko deskontua izango dute aurtengo harpidedunek 2008/09ko denboraldiaren lehen erdian, nahiz eta Reala Lehen Mailara igo. Beraz, 2008ko urtarrilean bazkide direnek abendura arte beherapena izaten jarraituko dute, nahiz eta taldea Lehen Mailan edo Bigarren Mailan aritu. Urtarriletik aurrera harpidedun egiten diren jarraitzaileek, ordea, ez dute aukera hori izango.

Hamalau urtetik beherako gazteentzat, 65 urtetik gorako beteranoentzat eta bi bazkide baino gehiago dituzten familientzat ere deskontuak izango dira aurtengo denboraldi honetan. Neurri horiekin, harpidedun kopurua handitzea espero dute Realari ahalik eta babesik handiena emate aldera.

Etxaniz Ibarra hil da

Bestalde, herenegun, Jose Javier Etxaniz Ibarra Realeko jokalari ohia hil zen, Iruñean, 83 urterekin. Etxanizek Gipuzkoako taldean hiru denboraldi eman zituen, 1945-46tik 1947-48ra, eta guztira 86 partida jokatu zituen. Realak dolumin beroenak agertu nahi izan dizkio iruindarraren familia osoari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo