GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Ez dute boz bat ere lortu gestora osatuko duten parakaidistek»

Unai URRUZUNO
Ondarroarren alkate zilegia

Unai Urruzuno EAE-ANV alderdiko zerrendaburua izan zen Ondarroan, eta bozen arabera, alkate izan behar luke; gehiengo osoarekin, gainera. Baina Auzitegi Goren espainolak zerrenda baliogabetu zuen, eta, ondorioz, EAJri eman zion gehiengoa. Herriko hautetsiek, ordea, ez zuten Udala osatu nahi izan, eta orain, Ondarroako herri borondateari muzin egin, eta gestora osatzear dute.

Oihana LLORENTE |

Unai Urruzuno ondarroarrek hautatutako alkatea da. Maiatzaren 27an lortutako 2.200 bozekin, gainera, gehiengo osoarekin eskuratu beharko luke kargua. Baina Auzitegi espainolek ezarritako debekuek EAE-ANVko zerrenda baliogabetu zuten. Ekainaren 16an, ordea, Udala osatu eta zinegotziek kargua hartzeko udalbatzara PPko ordezkaria besterik ez zen joan, eta gauza bera gertatu zen bi egunen buruan. Astelehenean, aldiz, EAJk eta EBk gestora osatzeko zerrenda aurkeztu zuten, eta osatzear da.

GARAk bertatik bertara ezagutu nahi izan du Ondarroan bizi den egoera, eta horretarako bertako alkate zilegiarekin egoteko beta hartu du.

Joan den ekainaren 16an eta 18an, Ondarroako Udala eratzera zihoala, PPko hautagaia soilik aurkeztu zen. Zein iritzi duzue beste alderdietako hauta- gaien gainean?

Garai horretan publikoki esan genuen bezala, EAJ, EA eta EB-Aralarreko hauatagaiek hartutako jarrera positiboki baloratu genuen; batez ere, momentu hartan, oraindik udal demokratikoa edo herri borondatearen araberako udala osatzeko aukera zabalik uzten zutelako. Hala ere, pertsona hauek egindakoaukera txalotu arren, oraindik ere egiteke zeuden hainbat pauso egitera gonbidatu genituen. Hau da, norabide berean jarraitzeko eskaria egin genien hiru alderdiei.

Astelehenean, aldiz, EAJk eta EBk euren izen zerrenda aurkeztu zuten Ondarroa kudeatuko duen gestora osatzeko. Zer iritzi duzu alderdi horien jarreraz?

EAE-ANVrentzat guztiz negatiboa eta salagarria da astelehenean gertatutakoa. Erabaki hauek, zoritxarrez, Ondarroan barik, alderdi desberdinen zuzendaritza politikoetan hartu dira; eta honek guztiak esanguratsuak deritzogun pitzadurak eta banaketak sortu ditu herriko talde eta alderdien zuzendaritzen artean. Hala eta guztiz ere, salagarriena erabakia bera hartzeko modua izan da, Ondarroako herri borondatearen gainetik, alderdi bakoitzak bere printzipoen arabera jardun baitu. Baina argi gelditu dira euren printzipioak, eta herri borondatearen alde lerrokatu ordez, Alderdi Legearen alde, Auzitegi Gorenaren eta Auzitegi Nazionalaren alde lerrokatu dira. Azken finean, herri borondatearen gainetik alderdi interesen alde lerrokatu dira euren interesak inposatuta.

Bereziki esanguratsua da EAJk aurkeztutako izen zerrenda, gehienak burukide txit ezagunak baitira. Zer deritzozu?

EAk ez ditu hautagaiak aurkeztu, eta argudio gisa bertako kide Unai Ziarretak «parakaidismoa egitea euren asmoa ez zela» adierazi zuen. EAJko zerrendaburu Josune Ariztondok, berriz, berehala bere «ondarroatasuna» justifikatzeari ekin zion. Guretzat, une honetan, hori ez da arazoaren muina. Joan den maiatzaren 26an gehiengo osoa lortu genuen, ia 2.200 boz, eta orain herriko errealitate politikoa goitik behera desitxuratuko duen gestora bat eratuko da. Gehiengo osoa lortu duen indarra, gainera, gestora hortik kanpo utzi nahi dute. Guretzat hori da arazoaren sustraia.

Baina, gainera, gestora osatuko duen «parakaidista talde horrek», Ondarroako EAJk ez bezala, ez du boz bakar bat ere lortu. Babes bakar bat ere eduki gabe, Ondarroako Udalaren agintean, gehiengo osoarekin arituko dira datozen lau urteetan, nahi dutena eta nahi duten gisara herria kudeatzen.

Dirudienez, ostiralean bertan abian jarriko dute gestora. Zein planteamendu politiko egingo du EAE-ANVk datozen lau urteetan?

Maiatzaren 27an lan talde bat eta programa politiko bat aurkeztu genituen, eta gehiengo osoaren babesa jaso genuen. Herriak jarri dizkigu ardurak, eta, noski, gu ez gaude prest ardura horiei uko egiteko. Gu, EAJ ez bezala, hasieratik gaur arte, EAJrekin elkarrizketa saio serio eta iraunkorra izaten ahalegindu gara. Baina ezinezkoa izan zaigu EAJk ez duelako nahi izan. Hala eta guztiz ere, herriak emandako ardurak alboratzeko prest ez gaudenez, herriaren aurrean hartutako ardurak beteko ditugu aurrerantzean ere.

Hainbat manifestazio egiten ari zarete egunotan; biharko ere greba orokorrera deitu duzue. Zein helbururekin egiten dituzue protestak?

Gure ustez, jelkideek badute arazo bat Ondarroan, ezinezkoa egiten ari baitzaie herriaren aurrean azaltzea hartutako erabakia. Ondarroako bizilagunek ez dute ulertzen nolatan gehiengo osoa lortu duen indarra Udalatik kanporatuko duten, eta aldiz, EAJ kanpoko jendearekin agintera iritsiko den.

Herrian giro egokia dago tamainako erantzuna emateko, ondo baitakite zer gertatu den. Horregatik injustizia eta iruzur honi erantzuteko salaketa eta mobilizazio dinamika abiatu dugu. Hor sartzen dugu biharko greba orokorra.

interesak

«Ondarroako herri borondatearen gainetik, alderdi interesen alde lerrokatu dira euren interesak gure herrian inposatuta»

babesik ez

«Babes bakar bat ere eskuratu ez duten pertsonak lau urtez agintean egongo dira, eta herria nahi duten bezala kudeatzen arituko dira»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo