Dorleta URRETABIZKAIA | Aktorea eta idazlea
Antigona, gaur, hemen eta orain
Legea. Gizarte batek ezartzen duen muga, neurria. Pertsonak errudun edota errugabetan banatzen dituen ikuspuntua. Gobernua. Erregea. Presidentea. Diktadorea. Diziplina. Aita. Eta justizia. Gizabanakoak bere baitan errekonozitzen duen zurrumurrua. Bihotzaren hizkuntza. Sen onaren ahotsa. Odolaren gorritasuna. Ama. Greziako antzinako gizarte hartatik egungo gizartera. Sofokles-ek erretratatutako gizarte hartatik, egungo gure gizarte honetara. Eta baita Euskal Herrira ere. Kreonte. Tebasko erregea. Antigona. Bere iloba. Ezingo naiz monarkiarekin sartu, «El Jueves» aldizkaria bezala zentsuratuko nauten beldurrez... baina ez dut hain urrunera joan beharrik izango... Intolerantzia. Boterearen ustelkeria. Botereak legeak ezartzen ditu. Lege horiek, batzuetan, ez dira justuak. Isiltasuna. Botereak, bere ustean, onena egin du. Baina injustiziari kiratsa dario... Laino baten moduan sartzen da etxeetako leihoetatik gauak baretasuna ekartzen duenean... Beroak zaborraren usaina sudur zuloetara ekartzen digunean bezala... Injustizia gertuen bizitzen duenak ezingo du gehiago jasan eta ohetik jaikiko da, isiltasun mutua oihu beltz eta garratz batekin etenaz. Bere odolaren aurka zutitu beharko du, bere odol bera, zakur baten moduan zapaldu baitute. Ezintasunez beterik, hormak suntsitu nahiko ditu. Belarri lokartuak esnatu nahiko ditu. Zakurren min zaunkek kaleak betez. Legeak egin dituena, gauean esnatuko da, amesgaiztoak kolpetik maindire epel artetik ateraz... Bere erabakiak berean irauteko adreiluak jarriko ditu horman. Pistolak. Kanoiak. Bonbak. Metrailetak... Justiziaren ahotsa isiltzeko. Legeak tinko iraun dezan. Bere odol berekoa atxilotu egingo du. Eta hil egingo du justiziaren izenean. Injustizia garratzenean, heriotzak eramango du ahotsa altxatu duen hori. Intolerantziak mutu bilakatu baititu dagoeneko euren ahotsak. Hitzek ez baitute inongo baliorik izan. Frontoiko hormaren kontrako pilotakadak bezalaxe. Norberak bere bidezko arrazoiak izango ditu. Argudio kontrajarrien borroka bilakatu dira elkarrizketak. Eta beste biderik egongo ez denean, heriotza hotza besterik ez da geratuko. Inkomunikazioa. Herri suntsitua. Gorrotoz beteriko milaka bihotz. Minez jantzitako gorputz beltzak. Beti eta betiko amen malko beltz eta krudelak. Antigona ikustera gonbidatzen zaituztet, ispilu aurrean gure aurpegiak ikus ditzagun. Antzerkia, oraingoan ere, gure bihotzaren ate joka dator...