GARA > Idatzia > Euskal Herria

Etxebizitza eskubidearen aldeko ekimena abiatu dute Zumaiako dozenaka gaztek

Zumaian 9.000 lagun inguru bizi dira, eta 800 etxebizitza huts daude. Herri horretan, Gazte Asanbladak bultzatuta, etxebizitza eskubidearen aldeko eta espekulazioaren kontrako ekimena egiten ari dira egunotan.

p017_f02_148x104.jpg

GARA |

Euskal Herriko beste hainbat herri eta auzotan bezala, Zumaian ere etxebizitza eskubidearen aldeko eta espekulazioaren kontrako ekimena abiatu du bertako gazteriak. Horiek hala, dozenaka gaztek parte hartu zuten agerraldian, kanpaldia abiatu dutela jakinarazi zuten atzo.

Izan ere, gazteek nabarmendu zutenez, prentsaurrekoan biltzeko arrazoia gazteei zor zaien eta ukatzen zaien etxebizitza eskubidearen aldeko urrats bat egitea da.

Alde horretatik, gazte horiek gogorarazi zuten askotan entzuten direla etxebizitzaren inguruko berriak, baita «politikari eta adituen hitzaldi nahiz azterketa soziologikoak ere». «Sarritan gazteriaren inguruan ere hitz egiten dute», esan zuten. eta salatu zuten mintzaldi horietan islatzen dena gazteak gurasoen etxean «eroso» bizi diren irudia dela; «gazte alferraren irudia», alegia.

Horiek hala, nabarmendu zuten gazteek bizi duten egoera ez dela «kasualitatea», eta gazteak eurak egoeraren larritasunaz jabetzen direla.

Alde horretatik, etxebizitza eskubidearen egoeraren gaineko datu zehatz eta adierazgarri batzuk eman zituzten, eta, adibidez, Euskal Herrian 255.422 etxebizitza huts daudela deitoratu zuten; hau da, eraikitakoen %19 baino gehiago.

Gipuzkoari dagokionez, hutsik dauden etxeak 50.135 dira, azaldu zutenaren arabera, eta Zumaia ez dela salbuespena esan zuten. Are gehiago, kostaldeko herria «etxebizitzaren merkantilizazioaren adibide garbia» dela kritikatu zuten, bai eta 9.000 biztanle bizi diren lekuan 800 etxe huts daudela ere. Eta, hala ere, gazteek bizilekua topatzeko «ikaragarrizko arazoak» dituztela aipatu zuten. «Hutsik dauden etxebizitza horiek ez dira herriko gazteen beharrak asetzeko, baizik eta beraien jabeek salerosketaren bidez negozioa egiteko», azaldu zuten.

Gazte Manifestua

Egoera horretaz jabetuta, Zumaiako Gazte Asanbladak gazteei eragiten dieten arazoei buruzko hausnarketa abiatu zuen, eta lan horren fruitua apirilean kaleratutako Gazte Manifestua izan zen. Testu horren oinarrietako bat da etxebizitza «oinarrizko eskubide unibertsala» dela, eta salatzen du «Udalaren turistifikazio politikak» Zumaiako gazteak bizimodu prekario bat izatera bultzatzen dituela.

«Udalak hutsik dauden 800 etxebizitzei konponbide bat eman behar die etxe berri gehiago eraiki aurretik», esaten du manifestuak, eta aipatzen du Udalak soldataren araberako alokairu eta parke publikoen sorrera bultzatu behar duela.

Hau ere adierazi dute gazteek: «Egoera aldatu ezean, salaketa eta okupazioa dira Zumaiako gazteok ditugun borroka tresna eraginkor eta bakarrak». Horrekin batera, gazteek nabarmendu zuten beren «miseriaren» erantzuleak «alderdi politikoak, instituzioak, konstruktorak, banketxeak eta aurrezki kutxak» direla, beren iritzirako, «espekulatzaileak» direnak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo