Caisse d'Epargne da faborito Urkiolan
Unai IRARAGORRI | DURANGO
Caisse d'Epargne taldeak asteartean irabazi zuen Getxon, eta berriro ere faborito nagusia da igandean Urkiolako Igoeran gailentzeko. Guztira, 13 talde lehiatuko dira ohiko ibilbidean, igotzaileentzat ezin aproposagoan.
Atzoko Durangoko aurkezpenean xehetasunak eman zituzten antolatzaileek. UCI Pro Tourreko taldeak hiru izango dira, Saunier Duval, Euskaltel-Euskadi eta Caisse d'Epargne, eta haiek dira faborito nagusiak gainean garaipena erdiesteko. Matxinen taldean ez da Mayo arituko taldetik at dago-eta, Piepoli bezalaxe; italiarrak marka du lau aldiz gailendu baita Urkiolan. Beraz, Alberto Fernandez izango da burua, Euskal Bizikletan etapa bat eta Asturiasen beste bat irabazi baitzuen.
Euskaldunei dagokienez, Anton da liderra; igotzaile petoa da eta iaz hirugarren sailkatu zen Mayo eta Serranoren atzetik. Prentsaurrekoan, Gerrikagoitia zuzendariak jakinarazi zuen nabarmen hobetu dela galdakarra Tourra utzi eta gero. Alboan Txurruka izango du, Tourreko lehiakortasun saria eskuratu zuena.
Baina talde osoena Caisse d'Epargne taldeak izango du. Joaquin Rodriguez, orain dela bi urte bezala, irabazten saiatuko da, sasoiko dago eta Ordizian helmugan besoak altxatu zituen. Alboan talde ederra izango du, esaterako, David Lopez eta Aitor Perez euskaldunak, Efimkin, Zaballa Euskal Bizikletaren irabazlea edota Plaza.
Ustekabeak
Taldetxo horretatik kanpoko inork irabaziko balu, ustekabea izango litzateke. Aurreko zerredan, Sevilla, Mancebo edo Vicioso agertzen ziren Relax taldean, baina Portugalgo itzulian lehiatuko dira bihartik aurrera. Bestetik, Fuerteventura-Canarias, Karpin-Galicia eta Andalucia-Caja Sur lehia ematen saiatuko dira, Rodrigo Garcia, Iker Flores eta Mikel Artetxe; Herrero eta Castaño; eta Luis Perez eta Ferrio txirrindulariekin, hurrenez hurren.
Partaidetza talde kontinentalak beteko du: Extremadura, Nicolas Mateos, Viña Magna, Belgikako Yawadoo eta Norvegiako Sparebanken eta Orbeako euskaldunak.
Ibilbidea ohikoa izango da, eta Durangon hasita (13.00) bi aldiz igoko dute Urkiola, aurrenekoa 101. kilometroan eta bigarrena eta azkena helmuga (17.00) izango da, 162,5 kilometroren ostean. Betiko moduan, lehendabiziko 100 kilometroetan ordeka izango dute, eta Bilboraino helduko dira txirrindulariak. Euskal Telebistak zuzenean emango du igotzaileen klasikoa.