GARA > Idatzia > Ikusmira

Langileen ezegonkortasuna agerian

Hego Euskal Herriko langabe kopuruak gora egin du uztailean, Nafarroan batez ere. Hil horretan langabe kopuruaren joera hori ohikoa bada ere, aurtengo igoera joan den urteko hil berekoa baino askoz handiagoa izan da. Lanpostu gehien galdu dituzten alorrak Zerbitzuak eta Eraikuntza izan dira, eta oporrak izaten dira horren azalpena. Baina, kezkagarria izanda ere, benetako arazoa ez da aurten iaz sasoi berean baino langabe gehiago izatea, garaiaren arabera hainbat langile kontraturik gabe gelditzeak adierazten duena baizik. Uda ostean datu berriak eskaini eta, haien ondorioz, balorazio ezin positiboagoak egingo dizkigute. Baina kontratu berriak joan den hilean galdu direnak bezain ezegonkor eta prekarioak izango dira. Uztaileko langabe kopuruaren joera hori ohikoa da, bai, eta horixe da, hain zuzen, arazoaren sintoma, langileen ezegonkortasunaren erakusle argia da-eta. Horrek enplegu egonkorra helburu bat izatetik urrun dagoela agerian uzten du. Ez da kasualitate hutsa lanpostu gehien galdu diren sektoreetako bat Eraikuntza izatea, lan ezbehar-kopururik handieneko sektorea, alegia. Lan istripuen kausa nagusia prekarietatea izanik, prekarietate handiena dagoen sektorean gertatzea logikoa baita. Logikoa, baina ez bidezkoa, opor garaian batzuen langabezia egoerari esker beste batzuek dirua aurreztea ezin baita bidezkotzat jo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo