GARA > Idatzia > Ikusmira

Interes zientifiko txalogarria izan litekeena, konkistatzeko interesak lausotuta

Uztailaren 24an Ozeano Artikoaren hondora abiatu zen errusiar espedizioak atzo iritsi zuen bere helburuetako bat, ikusgarriena behinik behin. Itsas azaleratik 4.000 metrotik gorako sakoneran jarri zuten Errusiako bandera. Hala ere, ikerketa zientifikoa ere bazuten helburu, eta txalotzekoa da arlo horretan emandako urratsa, halako sakonera duen itsas hondora iritsi eta bertako ur laginak hartzea ez baita txikikeria. Baina helburu ikusgarriarekin eta zientifikoarekin batera, espedizioak badu beste helburu bat, lehenengo biak nolabait lausotzen dituena: Artikoko inguru horien kontrola. Ez da kontu berria AEBen, Kanadaren, Danimarkaren eta Errrusiaren arteko lehia kontrol horri begira, inguru hartako petrolio eta gasaren kontrolari begira, hain zuzen. AEBetako Gobernuko US Geolical agentziaren ikerketen arabera, munduko petrolio baliabideen %25 Zirkulu Polar Artikoaz harago daude. Helburu zientifikoak izan dezakeen alde positiboa hutsaren hurrengoa da munduko aberastasunez jabetzea helburu nagusi dutenentzat, aberastasun batzuez jabetzeak, lurraldeak konkistatzeak ingurumena, mundua, pobretzea dakarrela jakinda ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo