GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA | BAIONAKO BESTAK

Karrikaldiaren lehen saioak zirrara eragin zuen ikusle gogotsuengan

Iazko sentsazioak gogoan, trumilka eta goseti bildu zen Jacques Portes plazan Leinua, Ibaialde, Baionako Ikastolen laguntzaileak eta Ttunttuna elkarteek arratsaldero antolatzen duten euskal dantza eta abestien lehen saiora.

Arantxa MANTEROLA

Aurtengoa estreinatzeko, gainera, ikuskizun berritzailea ikusi ahal izan zen Hiriburuko Leinua taldeko gazteek beste talde batzuetako musikariekin batera sortutako lan bikainari esker.

«Naizena ez naiz» obra atzo aurkeztu zuten lehen aldiz plazan. Belaunaldi guztietako gizon-emakumez osatutako dantza taldeak aurten bidea libre utzi die gazteei beren sortze-grina ase dezaten. Eta, zinez, ederki frogatu zuten atzo aukera ez dutela alferrik galdu.

Atzokoa eta gaurkoa

Jantziak, jauziak, musikak berak freskotasuna eta, aldi berean, bihotz-sua kutsatu zieten bildutakoei. Dantzari-aktoreen jantziek antzinako eta gaur egungo moda nahasten zituzten; txirularen eta trikitiaren doinuak eta danbor hots indartsuak txandaka aritu ziren eta dantzek berek, euskal tradizioan oinarriturikoak izanik ere, beste kulturetako kutsua hartzen zuten noiznahi. Une batean, baita militarren desfilea irudikatzeraino ere.

Ustezko nahaste-borraste horrek, ordea, bazuen bere zentzua. Milafrangako Mathieu Vivierren gidoiak ikuskizunari eman diona, hain zuzen ere. «Betiko gizartetik gizarte moderno» baterako bidean gizabanakoak eta lekuan lekuko kulturek eta tradizioek -kasu honetan Euskal Herrikoek- dauzkaten erronkak eta arriskuak agertzea zen lanaren zioa, baita irabaztekoak ere .

Mundu gero eta globalizatuagoan, elkartasunari toki gutxi uzten dion gizarte indibidualistan eta guztiak -pertsonak, kulturak zein hizkuntzak- apikazko askatasunaren aitzakiapean «normalizatuagoak» izatera bultzatzen ari den honetan, gogoeta piztu nahi izan dute gazte horiek beren sorkuntzarekin. Mezu mamitsua bitarteko ludikoekin errazago helarazten omen da...

Leonekin, haurrak errege

Horren burutazio sakonetatik urrun, haurrek ere ederki asko gozatu zuten Lapurdiko hiriburuan, bereziki haiei zuzendutako jaieguna izan baitzen atzokoa.

Goizeko lehen ordutik Betisoak peñak antolatutako txokolate-jatea, Tipitapa eta Orai Bat elkarteeen buruhandi eta erraldoien desfilea, Besteak taldearen danborrada eta kartoizko zezentxoekin egindako entzierro txikia izan zuten aukeran, eguerdian Herriko Etxeko plazan Leon erregea iratzartzera joan aitzin.

Zuriz eta gorriz jantzitako milaka umek ez zuten galdu nahi izan eguneroko hitzordu hori. Ezta, ondoren harresien inguruan egin ohi den piknika edota berentzat bereziki prestatutako jolasak ere.

Egunean zehar hamarnaka ekitaldik bizi-bizi mantendu zuten giroa karriketan. Arratsean, berriz, zezen-plazan Yannick Noah-ren kontzertua izan zen gauari bide emateko.

Lehen gaua, beroa

Gaur arte ez da jakinen bart arratsean jazoera larririk izan den ala ez. Segurtasun neurri guztiak gorabehera, bestetako lehen gauaren balantzea kaxkarra izan zen.

Suprefetak jakinarazi zuenaren arabera, hiru zauritu larri izan ziren: Paueko 23 urteko gazte batek harresitik 15 metro behera jauzi ondotik masailezurra apurtu zuen; Vosges departamenduko 19 urteko beste batek ere zangoa hautsi zuen, hura ere Glain aldeko pareta batetik erorita. Eta beste bati oina moztu beharko diote, autobus batek lehertu egin baitzion. Bederatzi atxiloketa ere egin zituen Poliziak eta egindako 1.000 bide-kontroletan, 26 gidariri baimenak kontrolean bertan kendu zizkieten.

Suprefetaren esanetan, ia kasu guztietan alkoholaren eta bestelako drogen eragina nabarmena izan zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo