Denboraldi-aurrea
Manchester Cityk Javi Garrido fitxatu du lau denboraldirako
Bravoren itzulera izan zen Zubietako entrenamenduan berrikuntza nagusia
Arnaitz GORRITI | DONOSTIA
Nahiz eta aurreko alean egunkari honek gaiaren berri eman, Realak eta Manchester City taldeek atzo baieztatu zuten publikoki Javi Garrido klub ingelesera traspasatzeko akordioa. Bi milioi euroren truke, ezker hegaleko atzelari irundarrak lau denboraldi emango ditu Premier Leaguean.
Realak, bere webgunean ateratako jakinarazpen labur baten bidez «bere estima eta eskerrak agertu» zizkion Garridori talde donostiarrarekin egon den bitartean «agertutako jarrera eta profesionaltalsunarengatik». Aldi berean, «zorterik hoberena opa» zion gipuzkoarrari bere etorkizunerako, «arlo profesionalean zein pertsonalean».
Hala, Garridok bihar bertan egin lezake debuta Sven-Goran Eriksson suediarrak gidatzen duen taldean, izan ere, Manchester Cityk Valentziaren aurka jokatuko baitu «Thomas Cook» delako torneoan.
Atzelari irundarrak Jose Mari Amorrortu entrenatzaile zelarik debutatu zuen Realeko lehenengo taldean, 90 partida jokatu ditu bitarte horretan eta gol bakar bat sartu. Beste urtebeterako kontratua zeukan Garridok, eta Chris Coleman entrenatzaileak bere aldeko apostua egina zuen. Alabaina, donostiarren ekonomiaren onurarako egin da salmenta hori.
Zubietan lana
Bezperan Zarautzen entrenatu ostean, Zubietara itzuli ziren atzo donostiarrak, ohiko entrenamendu saiora. Goiz eta arratsaldeko saioa izan zen atzokoa. Goizean zelai gaineko lana eta arratsaldean, berriz, gimnasioan bi multzotan egitekoa.
Atzoko berrikuntza nagusia, Garridoren albisteaz gain, Claudio Bravo atezain txiletarraren itzulera izan zen, Amerika Kopan lehiatu ondoren oporrak pixka bat luzatzeko baimena baitzeukan. Atzoko saioan hegoamerikarrak rondoak eta baloi- jabetza ariketak egin zituen, baina azken partidatxoan, Steve Kean bigarren entrenatzaileak lasterka jarri zuenez gero, ez zuen parte hartu. Bestetik, Chris Coleman ere ez zen Zubietan eta, gai pertsonalak direla-eta, astelehena arte ez da bueltatuko.
Erronka polita
Entrenamenduaren ondorengo prentsaurrekoan Gorka Larrea eta Ion Ansotegi izan ziren, eta biek antzera berba egin bazuten ere, kontu handiagoz mintzatu zen erdilari gipuzkoarra, eta baikorrago, aldiz, Berriatuako erdiko atzelaria.
Kanpoan, bigarren mailan jokatzea zer den badaki Larreak, eta nabaritu zitzaion bere adierazpenetan. Almeriarekin jokatu jardunaldian min hartu zuen, baina pixkanaka txuri-urdinen dinamikan sartzen ari da Larrea.
«Etxera bueltatzea poz handia da niretzat. Guztiz animaturik nator, eta Realak merezi duen eta guztiok nahi dugun lekura bueltatzeko daukadan guztia emateko asmoa dut», esan zuen.
Iazko denboraldia «lasaiagoa izan zen niretzat, klubaren egoera kanpotik ikusten nuelako. Berriz etorri naizenean gertatu zena gogorra dela nabaritzen dut», aitortu zuen ondoren.
Dramatismotik urruti, erronkatzat jo zuen Larreak bigarren mailako aurreneko urtea.
«Inork ez du Reala bigarren mailan ikustea atsegin, baina futbolean egoerak aldatzen dira, eta aurtengo erronka ere polita da: gora itzultzea», esan zuen.
«Bigarren Mailan intentsitate eta lan fisiko handiagoa dago, baina edozen mailatan kalitateak erabakitzen du», aitortu zuen. «Gauzak oso ondo egin beharko ditugu emaitzak ateratzeko, urte asko igotzeko gogoz daramaten talde handiak aurrean aurkituko baititugu. Igoeraz hitzegitean baino eguneroko lanean dago bidea», azaldu zuen.
Ansotegi, aldiz, baikor eta konfiantzaz gainezka azaldu zen prentsaurrekoan.
«Iazkoa pasa da, bizipen horrekin ikasi dugu, eta lehenengo partidatik hasita borrokatu behar dugu, puntuak atera nahi baditugu. Ez dakit igotzeko premia daukagun, baina gogoz gaudela bai. Entrenatzaileak esaten duena egiten badugu, gertu ibiliko gara», amaitu zuen.
Goizean zelaian aritu ondoren, arratsaldean ordu eta erdiko lana egin zuten Zubietako gimnasioan. Karla Larburu prestatzaile fisikoaren esanetara, jokalariek indar, erresistentzia eta trebetasun ariketak egin zituzten.